GANEKOGORTA

Arrankudiaga-Zollo, Arrigorriaga eta Alonsotegiko Udalek alegazio bateratuak aurkeztu dituzte Energia Berriztagarrien Planaren kontra, Ganekogorta babesteko

Aitor Aspuru Saez 2023ko uzt. 27a, 07:00

Ganekogorta eta inguruetan zentratu dituzte alegazioak hiru udalerriek.

EH Bildukoak dira udalerrietako hiru alkateak eta Ganekogorta mendian eraiki nahi duten azpiegitura eolikoaren kontra batu dituzte indarrak.

Energia Berriztagarrien Sektore Planak eragin du eskualde berekoak ez diren udalerriek euren indarrak metatzea aurre egiteko Industria eta Ingurumen Sailak sortutako dokumentuari.

Hiruen asmoa izan da oztopatzea Ganekogortan eraiki nahi dituzten azpiegitura eolikoak eta horretarako Eusko Jaurlaritzak baliatu nahi duen Lurralde Sektore Planaren zilegitasuna jarri dute zalantzan.

Horrela, Arrankudiaga-Zollo, Arrigorriaga eta Alonsotegiko Udalek alegazio bateratuak aurkeztu dituzte Arantxa Tapiaren egitasmoaren kontra. Hiru tokiko erakundeen buruak (Txutxi Ariznabarreta, Maite Ibarra eta Unai Arregi) EH Bilduko kideak dira, eta hirurek sinatu dute 87 orrialdeko idazkia.

Babes falta

Hasteko, alkateek argudiatu dute babes eta informazio falta dutela. Izan ere, Auzitegi Gorenak ezartzen du gutxienez 45 egun eman behar zaizkiela administrazio prozedura baten interesdunei eta ez dute uste epe hori bete denik.

Izan ere, dokumentua maiatzaren 10ean argitaratu zen eta uztailaren 21era arte eman dute tartea alegazioak osatzeko, baina tokiko erakundeek gogoratu dute udal hauteskundeen ondorioz, maiatzaren 20tik ekainaren 17ra bitartean udal gobernu taldeek administrazio arrunteko gaiak lantzeko eskumena baino ez dutela izan, funtzioetan baitzeuden.

Administrazio arruntak baztertzen du Lurralde Sektore Plana bezalako gaiak lantzea, ez baitago tokiko erakunde baten eguneroko arruntaren barruan.

Informazio eskubidearen urraketa

Alegazioek mahai gainean jartzen duten beste alde bat izan da informazio eskubidearen ukazioa. Izan ere, hain gai delikatua izanda, Industria eta Ingurumen Sailak ez du informazio kartografikoa eskaini modu duinean, eskala egokiak jarraiki.

Hori gutxi balitz, Energia Berriztagarrien Sektore Planak ez du azaltzen zein irizpide edo datu baliatu dituzten ondorioztatzeko zein toki diren egokiak azpiegiturak eraikitzeko eta zeintzuk ez.

Parte hartzerik ez

Udalen alegazioen aburuz, Energia Berriztagarrien Sektore Planak ez du herritarren parte hartzea bermatu idatzi den bitartean, nahiz eta bi saio egin dituzten. Gainera, saio horietan desadostasuna azaldu zuten eragileen iritziak -gehienbat udalenak- baztertzen ditu dokumentuak berak, argudiatuta "lerro ideologiko jakineko udalak direla eta, ondorioz, ez direla estatistikoki esanguratsuak".

Herritarren iritziaren mespretxua

Alegazioek azpimarratzen duten beste puntu garrantzitsua (Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak ere aipatu duena) da Energia Berriztagarrien Sektore Planak ez dituela aintzat hartzen parte hartze prozesuetan aritu diren herritarren iritziak.

Alegia, "buenismo" edo "trebakuntza tekniko falta" kontzeptuak baliatzen ditu herritarrek kolokan jartzen dituztenean azpiegituren kokapenak, lurrak iniziatiba pribatuaren esku uztea edo azpiegituren ondorioak bizilagunen eta ekosistemen artean.

Azkenik, udalek salatu dute planak ez duela azaldu zein izan den parte hartzaileen kopurua burututako prozesuetan.

Metodologia arazo larriak

Alegazioek metodologia ere jarri dute jomugan. Izan ere, Arrankudiaga-Zollo, Alonsotegi eta Arrigorriagako Udalen iritziz, herritarren ekarpenak ez dira aintzat hartu eta, modu berean, ez zaie erreparatu Energia Berriztagarrien Sektore Plan batean kontuan hartu behar diren hainbat parametrori.

Hori gutxi balitz, Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak hasieratik adierazi zuen moduan, Energia Berriztagarrien Sektore Planak Lurralde Zati Plana eta Lurralde Antolamenduaren irizpideak bete behar ditu, eta ez du egiten. Besteak beste, Lurralde Zati Planek babesten dituzten hainbat eremutan eraiki nahi dituzte azpiegitura energetikoak.

Gainera, udalek leporatu diote planari tokiko Hirigintza Antolamenduko Plan Orokorrak ez errespetatzea eta ingurumena babesteko mekanismo argirik ez ezartzea.

Ganekogortan kalteak

Edonola ere, gatazka euren eremuetara eramanda, udalek jaso dute Energia Berriztagarrien Sektore Planak azpiegitura eoliko ugariren eraikuntza aurreikusten duela Ganekogortan (mendi horren eta Goikoganeko tontorraren artean, adibidez) eta han kokatzen direla "lehentasuneko intereseko habitatak".

Bide batez, gogoratu dute Bilbotik gertu egon arren, Ganegokorta hainbat hegaztiren babestokia dela eta, hain zuzen, hezgaztien babeserako gune baten gainean jarri nahi dituztela zentral eolikoak.

Korridore ekologikoak arriskuan

Alegazioek azaltzen dutenez, Arrankudiaga-Zollon bakarrik zentral eolikoek hiru korridore ekologiko mehatxatuko lituzteke: Urdaibai-Ganekogorta, Ganekogorta-Gorbeia-Aiara eta Ganekogorta-Meaztagi-Barbadun.

Halaber, dokumentuak gogoratu du Bilboko Lurralde Zati Planaren behin-behineko dokumentuak bioaniztasun erreserbatzat jotzen dituela hiru udalerrietan Ganekogortari lotutako eremuak.

Azkenik, alegazioek zerrendatzen dituzte kokaleku kultural edo geologikoak, Energia Berriztagarrien Sektore Planak kontuan hartzen ez dituenak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide