Aho batez onartu dira Arrankudiaga-Zolloko Udalaren aurrekontuak

Txabi Alvarado Bañares 2024ko urt. 2a, 21:37

Bizkaiko pentsiodunen mozioa ere onartu zen abenduko Udal Osoko Bilkuran. / Arrankudiaga-Zolloko Udala

2.137.237 euroko aurrekontua izango du tokiko erakundeak hasi berri den urtean, eta hainbat proiektutara bideratuko du dirua.

Abenduko Udal Osoko Bilkuran onartu ziren Arrankudiaga-Zolloko Udalaren 2024rako aurrekontuak. Txutxi Ariznabarreta alkatea pozik dago emaitzarekin. Izan ere, aho batez onartu zen plangintza ekonomikoa, udal gobernuko zein oposizioko kideen aldeko botoekin. “EAJk bost proposamen egin zituen eta txertatu egin genituen”, azaldu du gobernuburuak, eta nabarmendu du kontuek aurten gaindituko dutela lehenbiziko aldiz 2 milioi euroko langa. 

Guztira, 2.137.237 euro baliatzea aurreikusi du Udalak. Baina, Ariznabarretaren hitzetan, horri gehitu behar zaio tokiko erakundeak milioi bat eurotik gorako soberakina duela pilatuta. Gauzak hala, Udala “oso egoera ekonomiko onean” dagoela uste du gobernuburuak. 

Aurten gaindituko du udal aurrekontuak 2 milioi euroen langa, Txutxi Ariznabarreta alkateak nabarmendu duenez.

Hainbat proiektu esku artean

Hainbat proiektutara bideratuko dute plangintzan jasotako dirua. Oxinburuko azpiegiturak martxan jartzea, Patzuergoko ura ponpatzeko estazioa egitea eta Atxetako gizarte etxearen edota Zolloko udaletxe zaharraren berritzea izango dira proiektu esanguratsuenetako batzuk.

Uribarrin, aldiz, errepidea eta komun publikoak berrituko dituzte, eta argiteri berria jarriko dute Arrankudiagako plazan, errepide azpiko tunelean eta Zabale auzoan. 

Horrez gain, bi plan potente osatzeari ekingo dio tokiko erakundeak aurten: Hiri Antolamendurako Plan Orokor (HAPO) berria eta trantsizio energetikorako plana. Azken horretan, udal eraikinetako eta kaleetako argiteria aztertuko dituzte, eta azken generazioko LED argiak jarriko dituzte, orain daudenak “zaharkituta” daudelako. Bukatzeko, eguzki plakak jarri nahi dituzte udaletxean, 2021an eskolan egin bezala.

Bizkaiko pentsiodunen mozioa

Aurrekontuez gain, Bizkaiko pentsiodunen plataformak aurkeztutako mozioa ere izan zuten eztabaidagai abenduko plenoan, eta hori ere aho batez onartu zen. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide