Arrankudiaga-Zollo izango da aurtengo Korrikari agur esango dion udalerria Aiaraldean. Bost kilometroko ibilbidea izango dute bi urtean behin igarotzen den egitasmoaz gozatzeko. Udaleko langileek, Gaztetxeko kideek, Eskubaloi Taldekoek, eskolako langile eta gurasoek, Gizarte Etxeko kideek, Kamaraka Pilota Elkarteak eta Javier Escalza Athletic Peñako zaleek hartuko dute lekukoa udalerrian bertan. Horrez gain, Indarra Futbol Taldeak, Zolloko bizilagunek eta Matxinkorta Mendi Taldeak Ugao eta Zeberio inguruan ere izango dute lekukoari eusteko aukera.
Udalerri euskalduna
Lekukoa helduko duen talde bakoitzak agerian utziko du zein garrantzitsua den euskararen sustapenean bakoitzak bere esparrutik lan egitea. Izan etxean, aisialdian, erakundeetan edota kirolean, arlo oro da ezinbestekoa euskararen erabilera handitzeko eta bere presentzia normalizatzeko; eskola eta gurasoak gertuko harremanak gure hizkuntzaz harilkatzeko, Udala hiztun guztien eskubideak bermatzeko, Gizarte Etxea herriko bizitza euskaraz bultzatzeko eta Gaztetxea, mendi taldea eta kirol taldeak gehien gogoko ditugun jarduerak gure ama hizkuntzan bizitzeko.
Sinergia horiei esker, herriak bete ditu Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak exijitzen dituen baldintzak — biztanleriaren %70 euskalduna izatea, alegia— eta horrela, beste herri batzuen onarpenarekin batera, ehun kideren langa gainditu zuen iaz UEMAk.
Bestalde, aurreko edizioan Zollo Matrix-eko akatsa izan ostean —Korrikaren zuzeneko emisio osoa ikusgai egon zen gerora, Zollokoa salbu—, aurten zollotarrak ez dira beldur izan behar, Aiaralde Komunikabideak ere zuzenekoa eskaini eta gordeko du eta!