Angel Egañaren gorpuzkiek betiko tokia topatu dute aste honetan, bere familiak Arrankudiagako hilerrian utzi baitzituen, bere anaia Ignacioren hobi berean, hain zuzen.
Azken omenaldi pribatu honekin amaitu da Angel Egañaren borroka eta errepresio odisea. Senideek ez ezik, gorpuzkien herriratzean lagundu duten boluntarioek eta udal ordezkariek ere parte hartu dute ekitaldian.
Faxisten estatu kolpearekin hasi zen ibilbide hori. Valladoliden topatu zuen etenaldi luze eta bortitza, han fusilatu baitzuten 1938an.
Urte luzez Valladolideko hobi komun batean egon ziren bere gorpuzkiak, baina identifikatzea lortu zuten 2023an, udalerriko boluntarioen eta Asociación para la Recuperación de la Memoria Histórica de Valladolid (ARMHV) elkartearen lanari esker eta Gogora Institutuaren DNA azterketen bidez. Valladolideko elkarteak berak eman zizkien gorpuzkiak senideei hilerrian bertan egindako ekitaldian.
Gero Arrankudiagara herriratu zuten eta iaz omenaldi publikoa egin zioten hainbat lagunek:
Angel Egañaren bizitza eta heriotza
Egaña 1914ko otsailaren 22an jaio zen Arrankudiagan eta, 1935-1936ko erroldaren arabera, ama alarguna eta hiru neba-arrebekin batera bizi zen Otsantzar auzoko baserrian.
Estatu kolpe faxistaren aurrean, 1936an euskal milizian sartu zen, Padura batailoiko Landarraga konpainian, teniente-graduarekin. Padura Batailoia Landarraga, Basauri, Ondarreta, Iberlanda eta metrailadoreen konpainietako 300 gudarik osatzen zuten eta hainbat frontetan hartu zuen parte: Elgeta, Ubidea, Gorbea, Durango, Amurrio eta abar.
Baina, 1937ko martxoaren 31an eta apirilaren 1ean Gorbeia mendian izan ziren borrokek ondorio oso larriak izan zituzten gerora Angel Egañarentzat. Garaiko kronikek diotenez, Gorbeia ingurua euskal gudarien eskuetan zegoela, martxoaren 31ko gauean tropa faxisten IV. Brigadako erreketeen Virgen Blanca tertzioak, gau iluna eta lainoa baliatuta, Gorbeiako Gurutzea hartu zuen ustekabean eta bandera faxista eta erreketea jarri zituzten bertan.
Hurrengo goizean goizean Padura Batailoiko gudariek berriro eskuratu zuten Gorbeiako Gurutzea eta bandera faxista eta erreketea kendu zizkien etsaiei. Borrokaldi horretan alde bietako hildakoak izan ziren eta, faxisten aldekoen artean, Valladolideko barrutiko zalditeriako kapitan bat zendu zen.
Erreketeen ofizial baten heriotzagatik mendeku hartu zuten Angel Egañaren kontra eta Valladoliden fusilatu zuten.
Bilbo kolpisten eskuetan erori zenean, 1937ko ekainean, Padura Batailoia desegin zen eta konpainia desberdinetan gelditzen ziren gudariak III. Dibisioko 156. Brigadara batu ziren II. Batailoia izenarekin. Santander alderantz erretiratu ziren eta abuztuaren 23rako Santoñan zeuden. Armada golpistak atxilotu eta C-50/37 Auzian epaitu zuten Egaña irailaren 25ean. 12 urte eta egun baterako presoaldira zigortu zuten, 24 milizianorekin batera.
Baina 1937ko azaroaren 4an Valladolideko “Cocheras de Tranvías” presondegira eraman zuten arrankudiagarra, 10. Epaitegi Militarrak 1477/1937 sumarioa berriro aztertu zuelako eta Gerra Kontseiluan epaitu nahi zutelako. Teniente-gradua izanik, Gorbeiako borrokan hildako kapitan faxistaren heriotzaren ardura leporatu zioten Angel Egañari eta heriotza-zigorrera kondenatu zuten. Argi ikusten da ofizial golpistaren heriotzaren mendeku gordina izan zela Egañaren aurkako epaia.
1938ko ekainaren 1ean jakinarazi zioten epaia irmoa zela eta ekainaren 2an, 6:30ean, fusilatu zuten exekuzioetarako erabiltzen zuten Graveras de San Isidro lekuan. Ondoren, Valladolideko udal hilerriko 7. hobi komunean ehortzi zuten.
Argazkiak: Txomin Egiluz
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!