Arakaldon eta Arrankudiaga-Zollon esan dio agur Korrikak Aiaraldeari eta eskualdera sartzean zeramatzan atzerapena berreskuratu du

Erredakzioa 2026ko martxoaren 27a

Arakaldotik igaro ostean eskualdeko azken udalerria bisitatu du AEK-ren lasterketa sinbolikoak. Arrastoa utziko du, ordea, gaurko ere haur zein helduentzako egitarau zabala baitute prest.

Korrikalari azkarrak izan gara aurtengoan aiaraldearrak. Gorputza berotzeko, ahalik eta lasterren oheratzeko edo azken asteetako entrenamenduek emandakoak erakusteko izan den, nork bere motiboak izango zituen. Baina arrazoiak arrazoi, Artziniegatik sartzean zeramatzan ordu erdiko atzerapena zeroan jarri da korrikalariak Ugaora iritsi direnerako.

Eskualdea agurtu aurretik, Arakaldon bisita azkar bezain sutsua egin du, berezitasun batekin gainera: Udalak Tubos Reunidosen eta Maderas de Llodion greba mugagabean dauden langileei laga izan die kilometroa, ibilbide osoan zehar presente egon diren aldarrikapenak beste behin ere lehen planora ekarriz.

Arrankudiagan zazpi izan dira Korrikak egindako kilometroak eta une gogoangarri ugari utzitakoak, hala nola herriko hainbat haurrek, goizeko ordu txikiak izanagatik ere, lekukoa harro hartu dutenean.

Euskararen aldeko lasterketak piztutako garra gaur bizirik mantentzeko asmoa dute udalerrian, eta egun osoko egitaraua antolatu dute horretarako. Hain zuzen ere, goizeko hamarretan Korrika txikiak hartuko ditu herriko kaleak eta 15:00ak aldera jolasak egingo dituzte, 16:30ean txistorradarekin hasi arte. Kirol ginkana izango da arratsaldeko ekintza izarra, ume eta gazteak martxan jarriko dituena. Iluntzean Joxe Mendizabalek jarriko du musika eta bokatak egongo dira Gizarte Etxean.

Argazkiak: Aimar Gutierrez Bidarte eta AEK-Korrika.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide