Lagunduta ez dauden adingabeak gizarteratzeko zentroa ireki zuten udan Arrankudiaga-Zollon

Aitor Aspuru Saez

Duela hilabeteak ireki zuten zentroa Arrankudiaga-Zollon./ Aiaraldea

Bizkaiko Foru Aldundiaren zerbitzua industriagune batean kokatuta dago eta adingabeak zaindu eta gizartean integratzeko balio du. Herriko elkarteekin harremana dute gazteek eta kirol esparruan aktiboki parte hartzen dute.

Uda hasieran ireki zuen Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeak lagunduta ez dauden adingabeentzako zentroa Arrankudiaga-Zolloko industriagune batean. Zerbitzuaren helburua da egoera zaurgarrian eta babes familiarra ez duten adingabeak zaindu, trebatu eta gizarteratzea.

Berez, Aldundiak azpiegitura ireki baino aste gutxi batzuk lehenago jakinarazi zion erabakia Arrankudiaga-Zolloko Udalari eta ezustean harrapatu bazuen ere, tokiko erakundeak adierazi zuen prest dagoela modu proaktiboan jarduteko adinez txikikoen integrazioan.

"Herrian erroldatzen direnen unetik hemengo herritarrak dira eskubide osoz, hortaz, Udalak ahalegina egingo du zerbitzu publikoak eskura izan ditzaten eta modu proaktiboan arituko gara elkarteekin, gazteek ezagutu ditzaten eta parte har dezaten, gizartean mugildu daitezen", azaldu du Txutxi Ariznabarreta alkateak.

Hain zuzen, zentroan bizi diren hainbat gaztek herriko elkarteekin harremana dute, bereziki, kirolean jarduten diren horiekin. Harreman horrekin Arrankudiaga-Zollon Urduñan landutako bidea hartu dute.

Beste zentro bat Urduñan

2001ean ireki zuten lagunduta ez dauden adingabeentzako azpiegitura Urduñan. Jose Luis Fernandez Grandio hiriko hezitzaileak -adingabeekin lan egiten du- azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari garai horretan horrelako zentroak, funtsean, nerabeak "aparkatzeko" baliatu zuela. "Ez zegoen trebakuntza bitartekorik eta erregularizazio izapideak egiteko denbora luzea behar zen".

2001. urtean ireki zuten lehen zentroa Urduñan. Nerabeak "aparkatzeko" tokiak ziren garai horretan, Jose Luis Fernandez Grandiok azaldu duenez

Laupabost urteren ondoren, aldiz, egoera aldatuz joan zen eta izapideak arindu ziren, trebakuntza eta ikaskuntzarako bideak ireki zituzten eta hezitzaile arabiarrak ere agertu ziren, komunikazioa errazteko, baina baita "adingabeen kulturan" gainerako hezitzaileak sartzeko ere.

Gizarteratzea helburu

Gauzak horrela, bere ibilbide profesionalak bat egin zuen bizitza politikoarekin eta Jose Luis Fernandez Grandio Urduñako gizarte ongizateko zinegotzia zenean, Bizkaiko Foru Aldundiak udal aterpea alokatu zuen 2017an lagunduta ez zeuden adingabeen erabilerarako.

Udal ordezkariak, egoeraren jakitun, neurri ugari abiatu zituen: "Bilera egin genuen zentroko zuzendariarekin, gure babes osoa eskaintzeko. Garrantzitsua da komunikazioan eta lankidetzan arintasuna. Gizarte-zerbitzuekin harremanetan jarri ginen, gizarte-langileek haiekin koordinatuta lan egin dezaten".

Horrez gain, sortu ahal ziren arazoak aurreikusi zituzten: "Zentroko zuzendariari eskatu genion garaiz bidaltzeko 18 urte beteko zituzten adingabeak eta tutoretza-denboragatik zaintza luzapenik lortuko ez zutenak -luzapen hori eskuratzeko denbora tarte bat igaro behar dute Aldundian-, gizarteratzeko laguntzak izapidetzen has gaitezen 18 urterekin kale gorrian ez geratzeko".

Erakundeen arteko elkarlana

Halaber, Urduñako Udalak inguruko instituzioekin ekin zion lan egiteari: "Amurrio, Laudio, Ertzaintza, Diputazio eta abarreko udalekin bilerak ere egin genituen. Helburua guztion lankidetza izan zen, estigmatizazio-efektua saihesteko, eta arazo bat ikustean, lehenbailehen konpontzen saiatzea".

Erakundeen arteko elkarlana eta gizarteratzeko tresnak garatu dituzte denboraren poderioz Urduñan

Hirian sortu ahal ziren alarmak ekiditeko, Udalak proposatu zion zentroari gazteak ez jaisteko talde handietan eta herrigunera bertaratzean hezitzaileekin egiteko. 

Nerabeen etorkizunera begira, berariazko ikastaroak sortu zituzten prestakuntza-zentroekin, praktikak Urduñan egin ahal izateko.

Auzolana gizarteratzeko

Udal ekimenak laguntzaile handia izan zuen Aintzane Okeranzan. Izan ere, 2018an emakume hori hautatu zuten txupinero Urduñan bultzatutako auzolanagatik. "Urte horietan tokiko erakundeak ez zuen dirurik ezer egiteko eta auzolanaren lan boluntarioaren bitartez hainbat ardura hartu genituen urduñarrok", gogoratu du emakumeak.

Gauzak horrela, txupinazoa bota zuen egunean, Jose Luis Fernandez Grandio zinegotziak aipatu zion Okeranzari zerbait egin behar zela aterpean zeuden adingabeekin. Izan ere, udan ez zuten ezer izango egiteko eta energia handiko gazteak ziren.

Esan eta egin, ekin zioten bidea irekitzeari. Aterpearen zuzendariarekin harremanetan jarri ziren eta proposatu zieten, sari moduan, zintzoenei iradokitzea auzolanean parte hartzea. Izan ere, gazteentzat entretenigarriagoa zen ateratzea aterpean geratzea baino.

Gazteen integraziorako gakoetako bat komunitatearen inplikazioa eta horren bitartez sortutako auzolana izan da

"Nik, egia esanda, ez nuen jakintza berezirik hainbat konturi buruz, ezta masa egiteko, baina ikasi nuen eta gero eurei azaldu nien", argitu du Okeranzak. 

Lan boluntarioaren bitartez hainbat esku-hartze gauzatu zituzten, Aintzane Okeranzak argitu duenez: "Lehenengoa nagusien egoitzan izan zen, horma bat kendu genuen paseoetan oztoporik ez izateko. Bizitza handia eman zioten egun horietan egoitzari, hainbeste jende gaztea hortik ibiltzea berri ona izan zen. Dena eskuz egin behar genuen, eta harriak atxurren makilekin mugitzen genituen. Hirian beste horma batzuk eraiki genituen eta han jarraitzen dute. Gainera, lorategiak atondu edota ureztatzen genituen, hilerria garbitu genuen... Jende batek laguntza eskatzen zigun zuzenean".

Normaltasuna eta gizarteratzea

Ekimenak lortu zuena, auzolanaren emaitzatik harago, izan zen gazteen presentzia normalizatzea hirian. "Astero kafea hartzen genuen taberna batean eta jendea joan zen gazteak ezagutzen. Gero urduñarrek eurek ordaintzen zizkiguten kafeak".

Lan horri esker lortu zuten adingabe horietako batzuk hirian bertan geratzea. "Gazte bat hiriko neska batekin ezkondu zen eta semea daukate. Beste bat nire etxean hartu nuen zentrotik kanpo geratu zenean eta egun Urduñako iturgin onenetakoa da. Jendeak kalean auzolanetan ikusteagatik ez balu ezagutuko, agian ez lukete kontratatuko", iritzi du Okeranzak.

Gatazkaren bat ere bizi izan zuen urduñarrak: "Gazte batek ez zuen lan egin nahi nirekin emakumea nintzelako, baina berehala ulertu zuen bestela geratuko zela aterpean eta gero primeran joan zen dena".

Nola ez, emaitzak ez dira beti horren zuzenak eta positiboak. Okeranzak argitu du orain gazte bat laguntzen ari direla oso lotsatia delako eta bultzada behar duelako bere kabuz moldatzeko.

Iragan zaila, etorkizun latza

Aintzane Okeranzak aipatu du emaitza oso positiboak ekartzen dituela gazteen integrazioan inplikatzea: "Adibidez, neskekin nola tratatu azaltzen nien. Aurpegi txarra jartzen badizute, ba utzi eta nola ez, ezetz ezetz da, hemen eta Filipinasen. Eta erraz ulertzen dute, ez dugu aparteko arazorik izan."

Hala ere, oztopoak ere badaude: "Nerabe hauek oso esperientzia txarrak izan dituzte. Pateretan etorri dira batzuk, indarkeria pairatu dute... Inoiz ez dira guztiz irekitzen. Agian noizbait aipatzen dute zerbait, baina ez dira erabat irekitzen. Eta gero kontuz ibili behar gara hiriko herritar eredugarriekin ez nahasteko. Hori gertatu zitzaigun mutil batekin. Egin zituen lagunak ez ziren batere gomendagarriak eta drogak kontsumitzen hasi zen. Azkenean lapurretak egiteagatik atxilotu zuten eta izugarri kostatu zitzaigun mundu horretatik ateratzea. Bere anaien laguntzarekin egin zuen aurrera eta orain lanean dago Bilbon. Ez da bide erraza". 

Edonola ere, Urduñako esperientziak erakusten du komunitatearen inplikazioak emaitza eraginkorrak uzten dituela.

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide