Jai Batzordeko kidea da UXUE TOME VIVANCO (Laudio, 1994). Batzorde horrek adostu eta prestatzen du Artziniegako jaietako egitaraua.
Artziniegako Jaien egitaraua ixtear zaudete.
Egitaraua ixtear gaude, bai. Aurten badaukagu azpimarratzeko berrikuntza: Gazteen Eguna.
Goiz-goizetik iluntzera arteko egitaraua prestatu dugu batzarretara datozen koadrila gazteenekin batera eta hori dela eta, guztien gustuko ekintzak egongo direla uste dugu.
Hori bai, musikarekin gozatzeko prest etorri beharko dira guztiak. Gu ta Kitto neska gazteen koadrila ezinbestekoa izan da egun hau prestatzeko erabakia hartzeko, izan ere, haiek proposatutako ideia batetik sortu zen.
Horrez gain, Nagusien eta Umeen Egunetan bezala, egun honetan ere bazkaria prestatuko da, guztiok elkarrekin bazkaldu dezagun. Bazkaria, Jai Batzordearen Koordinakundeko kide batzuen artean eta antolatu diren bileretara etorri diren beste batzuen laguntzarekin egitea erabaki dugu, "low cost" formatuan.
Artziniegako jaiak euren osotasunean antolatzen dituzue, modu herrikoi batean.
Bai, pasa den urtean erabaki zen Artziniegako Jaien antolakuntza modu herrikoi batean antolatzen hastea.
"Jai Batzordea talde koordinatzaileak eta bileretara etortzen diren herritarrek osatzen dute, hots, jaiak aurrera ateratzeko zerbait egin nahi duen edonork parte hartu ahal du"
Erabakiak guztien artean hartzen ditugu, bozka sistema erabiliz. Boto horien bidez erabakitzen dena Jai Batzordearen Koordinazio taldea osatzen dutenei egokitzen zaie lotzea; besteak beste, hori da talde horren funtzio garrantzitsuena jaien antolakuntzaren prozesuan.
Bileren data eta ordua aurreko bileran erabakitzen dira, guztion artean noski, eta gero WhatsApp taldearen bidez eta Facebook-eko orrialdean argitaratuz bileretara etorri ez direnei eta etorri direnei jakinarazi eta/edo gogorarazten diegu komentatutako kontuak.
Hala ere, azpimarratu nahi dut bilerak herrira irekiak daudela, edonork parte ahal duela eta herriko biztanle guztiak ongi etorriak direla. Izan ere, herriko jendearen parte hartzea nahiko eskasa da eta normalean pertsona berdinak elkartzen gara bilera guztietan, baina ez gara larritzen egoera horrekin, orokorrean berdina gertatzen delako urtean zehar herrian egiten diren beste gauza askorekin. Hori dela eta, Jai Batzordearen Koordinakundearen izenean eskerrak eman nahi diegu jaiak antolatzen laguntzen ari diren koadrilei eta jendeari, euren laguntza gabe askoz zailagoa izango litzatekeelako.
Bonbona lasterketa... ekintza xelebreak ere badituzue.
Egitaraua, berez, aurreko urteetakoaren oso berdina da. Badaude “mugitu ezinak” diren ekintzak: bonbona lasterketa, tortilla eta marmitako txapelketa, herri bazkaria, La Encina-ko Santutegian egiten den enkantea edo Arteko Landan egiten den bazkaria, besteak beste.
Hori dela eta, ekintzen antolakuntza ez da oso zaila; ekintza bakoitzak, antolatzen dutenekin hitz egitean datza. Bestalde, badaude urtero lotu behar diren beste hainbat gauza: kalean jartzen diren komunak, garbiketa, musika taldeak… eta hori zailagoa da.
Hori antolatzeko, Jai Batzordearen Koordinakunde taldea osatzen dugun bost kideen artean lana banatzen dugu eta pixkanaka-pixkanaka gauzak aurrera doaz. Hori bai, egiten dugun lana, bileretan erabakitakoaren arabera izaten da beti, hori delako bilera irekien oinarri nagusiena.
Sokatira taldearen sustatzaileak dira aurtengo pregoilariak. Zer dela eta hautatu dituzue pregoilari izateko?
Bileretan, herriko jendeak esandako proposamenen artetik, bozka gehien lortu zutenak izan ziren sokatira taldearen sustatzaileak.
"Gaur egun Bizindar Artziniegako sokatira taldearen entrenatzaileak izango dira pregoilariak, Martin Ribacoba eta Alberto Yarritu. Izan ere, urte luzez aritu dira sokatira eta herri kirolen sustatzaile gisa herrian eta, hori abiapuntu izanda, lan horren errekonozimendua egiteko garaia zela ondorioztatu genuen guztion artean"
Beraz, txupina bota aurretik prestatzen dutena entzuteko gogoekin gaude!
Jaietan antolakuntzan buru-belarri ibiliko zarete. Izango duzue parranda egiteko tarterik?
Hori gure lehenengoko asmoa da beti! Galdera hau egitea delitua izan beharko litzateke!
"Nire ustez, ezinezkoa da herriko jaietan parranda ez egitea, nahi edo ez parranda kalean egongo da une oro eta, nahiz eta nekatuta edo kokoteraino egon, antolatu dugunaz gozatzen jakingo dugu gau eta egunez"
Hori bai, beste urte batzuetan jaiak antolatu dituztenei gertatu zaien antzera, azkeneko egunean K.O. egongo garela uste dut. Baina behin jaiak amaituta izango dugu denbora deskantsatzeko.
Gainera, gure nahirik handiena jaiak lasaiak izatea da, arazo larririk ez egotea eta jendea gogotsu parte-hartzea eta disfrutatzea prestatu ditugun ekintza guztietan, guk haiekin disfrutatzen dugun bitartean. Hori izango baita guretzat saririk handiena.
Hemendik eta irailera arte lan asko falta zaizue egiteko? Zer nolakoa izango da?
Bai, oraindik lana geratzen da, baina gauzarik potoloenak lotuak daude jada.
Esandako guztiarekin batera, aipatu nahiko nuke aurten jaietako zapi berriak egingo ditugula, diseinu berriarekin. Izan ere, Artziniegan bereziak gara eta gure zapi propioak ditugu kar, kar, kar… 2008tik ez dira zapi berririk atera eta, hori dela eta, belaunaldi gazteenak zapi gabe daudela ikusi dugu azken urteetan; hori izan da zapi berriak egiteko arrazoi handiena.
Jaiak hasi aurretik jarriko dugun mahaian jarriko ditugu salgai. Mahaia, pasa den urtean bezala, egingo diren bazkarietan izena emateko jarriko dugu eta aukera hori aprobetxatuz zapi berriak saltzen hasiko gara. Gero txosnan utziko ditugu jendeak erosten jarrai dezaten, hau oraindik ziur ez dakigun arren.