"Txostenean azpimarratu nuen osasun larrialdien kasua ulertzeko erraza delako"

Erredakzioa 2016ko mai. 5a, 11:27

MATEO LAFRAGUA (Artziniega, 1955) artziniegarrak "La repercusión de los resaltos en las emergencias sanitarias" txostena idatzi du eta horrek Eusko Legebiltzarrean parte hartzera eraman du, gai hori landu dezaten. Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundiek ere aintzat hartu dute bere ekarpena.

Duela gutxi Eusko Legebiltzarrean hitz egin duzu, zeren harira?

Duela gutxi Eusko Legebiltzarrean hitz egin duzu, zeren harira?

 “La repercusión de los Resaltos en las Emergencias sanitarias” lana amaitu nuenean, erabaki nuen zenbait erakundetan erregistratzea; Legebiltzarrean hasi nintzen, Foru Aldundietan egin nuen gero, eta amaitzeko Etnografia Museoan aurkeztu nuen.

"Aurkezpen egunean Luis Murgiak -RACVN-eko mugikortasun eta bide segurtasun aholkulariak- babestu zuen ekintza eta eskualdeko legebiltzarkide batek azaldu zigun eskatuko zuela gure partaidetza Osasun eta Kontsumo Batzordean".

Egun horietan eskatu zuten nire parte-hartzea Foru Aldundiko Batzar Nagusietan, Azpiegitura Batzordean, alegia.

Zenbat denbora behar izan zenuen txostena egiteko?

 Txostena egiteko 5 edo 6 hilabete behar izan nituen, baina aurretik lan ugari eginda neukan nire osasun egoera dela eta.

"Hainbat urtez bidaiak egin ditut anbulantziaz dialisiak egiteko. Astero hiru egunez, hain zuzen, eta horiek egiteak suposatzen du gidari eta sanitarioekin ordu asko ematea harremanetan".

Solasaldi horietan hitz egiten genuen irtenguneei buruz; batzuek esaten diete trafikoa baretzeko elementuak eta nik, aldiz, trafikoa izorratzeko tresnak.

Txostenean azpimarratu nuen osasun larrialdien kasua oso gai delikatua, hurbila eta ulertzeko erraza delako.

Gainera, irtenguneak arriskuan jar dezakete bihotzekoa emanda edo traumatismo anitzak izan dituzten pertsonen bizitzak.

"Traumatismo anitzak izan dituzten gaixoen kasuan, barne-zauriak gertatzeko arriskua oso handia da irtengunetan frenatzean, abiadura berriro hartzean edo jotzean".

Infartua izan dutenentzat galtzen den minutu bakoitzak areagotzen du hiltzeko arriskua %10. Estudioen arabera, anbulantziak 10 segundo galtzen du irtegune bakoitzean eta gaixotasunaren arabera gehiago gal dezake. Aldagai horiek erabaki dezakete gaixoak bizirik irautea.

Lekukotza ugari jaso duzu txostenean, nork lagundu zaitu?

Lekukotzak hainbat esparrutan lortu ditut; elkarteak, gidariak, eskarmentu handiko osasun langileak, bide segurtasunean adituak, larrialdiko erizainak... eta, bukatzeko, larrialdi zerbitzutan bidaiatu duten gaixoak. Horien esperientziak dira adierazgarrienak.

"Traumatismo anitza sufritu zuen gaixo batek adierazi zidan nahiz eta lasaigarria eman zioten, irtengune bakoitza infernu hutsa zela. Saihetsa apurtu zuen beste batek esan zidan hiltzeko gogoak zituela irtenguneetatik igarotzean".

Amarekin bidaiatzen zuen emakume batek kontatu zidan ezegonkortu zela birritan eta arriskua handia izan zela. Bi kasuetan larrialdiko langileek gelditu zuten anbulantzia egonkortzeko eta, ondorioz, 20 minutuko bidaia, 45 minutukoa bilakatu zen.

Emakume haurdun batek ziurtatu zidan abortoa izan zuela eta bere bizitza ere arriskuan jarri zutela irtenguneek.

Zeintzuk izango dira hurrengo urratsak?

Noizean behin pentsatzen dut nik eman behar ditudan urratsak edo erakundeek egin behar duten ibilbidea, baina nire konpromisoa amaierara artekoa da. Gertutik jarraituko dut onartutako akordioak bete ditzaten.

Bestalde, ate ugari ireki dira eta erantzun behar ditugu; motorzaleen elkarteak, sendagile elkarteak, gidari profesionalen elkarteak, errepide elkarteak... edo erakundeak; batzuetara jo beharko dut eta beste batzuek txostena eskatu didate.

Orain txostena dago Eusko Jaurlaritzaren, Eusko Legebiltzarraren, Foru Aldundien, EUDELen, Bilbo, Donostia eta Gasteizko udalen, Nafarroako Parlamentuaren esku eta hurrengo asteetan beste erakunde batzuek jasoko dute: RACek, DYAk, Gurutze Gorriak, bide segurtasuneko fiskaltzak, Sendagileen Elkargoek, Arartekoak, anbulantzia gidarien sindikatuek, txirrindulari eta motorzale elkarteek...

Ikertzen ari dira eta gehienek onartu dute lanaren garrantzia eta esker ona adierazi didate.

Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren konpromisoak bistakoak dira eta, esate baterako, Azpiegitura Diputatuak konpromisoa hartu du irtengune gehiago ez jartzeko eta eraginen inguruko ikerketa abiatzeko.

Txostena egiten zenuen bitartean uste zenuen oihartzuna izango zuela?

Zintzoki, ez zitzaidan inoiz bururatu horrelako oihartzunik izango zuenik. Eusko Legebiltzarrak, Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek eta udalek parte hartzea ikerketa batean irtenguneen inguruan ez litzaidake bururatuko ezta ametsetan.

Horrez gain, aipatu elkarteek babestu dute txostena eta babes zabala izan dut hedabideen aldetik.

 

 

Herriko zein kanpoko jende askoren babesa izan duzu?

 

Horrek ere zorionez ustekabean harrapatu nau, eta ez bakarrik Artziniegan, nire herrian.

Hamaika mezu eta dei jaso ditut lana eskertzeko eta zoriontzeko. Guztiei eskertu diet, baina, aldi berean, azaldu diet lanean ni idazle hutsa izan naizela, soilik jaso ditut arazo hori egunero bizitzen duten pertsonen esperientziak eta iritziak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide