“Izen ona du Erdi Aroko azokak, hori gutxienez mantendu egin dugu”

Txabi Alvarado Bañares 2015ko ira. 16a, 10:00

MARTA GOMEZ URRUELA (Artziniega, 1979) tabernaria da, eta Artziniegako Erdi Aroko azoka antolatzen du.

Aurten laugarren urtea da Erdi Aroko Azoka antolatzen duzuela, baina azokak urte gehiagoko ibilbidea dauka.

Hala da. Gu festaren antolakuntza gure gain hartu genuen beste inork ez zuelako hartu nahi. Horregatik lau ostalarik erabaki genuen azoka gure gain hartzea, galdu ez zedin. Guretzako (ostalarientzako) egun ona da, baina herri osoak gozatu dezan pentsatua dago.

MARTA GOMEZ URRUELA (Artziniega, 1979) tabernaria da, eta Artziniegako Erdi Aroko azoka antolatzen du.

Aurten laugarren urtea da Erdi Aroko Azoka antolatzen duzuela, baina azokak urte gehiagoko ibilbidea dauka.

Hala da. Gu festaren antolakuntza gure gain hartu genuen beste inork ez zuelako hartu nahi. Horregatik lau ostalarik erabaki genuen azoka gure gain hartzea, galdu ez zedin. Guretzako (ostalarientzako) egun ona da, baina herri osoak gozatu dezan pentsatua dago.

Lau ostalariren artean soilik antolatzen dugunez, apur bat erreta bagaude, eta aurten azoka ez egitekotan egon gara. Baina azkenean aurrera jarraitzea erabaki dugu.

“30.000 euroko aurrekontua 6.900 eurora jaitsi zen. Miraririk ere ezin da egin beraz”

Bilakaerarik eman da azken lau urte hauetan?

Bai, hasieran guk ez genekien ez nola antolatu ez nola eraman aurrera azoka. Baina Artziniegako jendearen laguntzarekin aurrera jarraitu genuen. Lehen urtea apur bat eskasa izan zen, ez zen gauza askorik egon, aurrekontua ere oso murritza zelako.

Udalak antolatzen zuenean aurrekontua, oker ez banago, 30.000 eurokoa zen. Baina bat-batean 6.900 eurora jaitsi zen. Miraririk ere ezin da egin beraz.

Baina hurrengo urteetan esperientzia pilatuaz joan gara, postuak jartzen dituzten pertsonak ezagutzen... eta hobetuaz joan da. Iaz, adibidez, nahiko duina izan zen. Ea aurten ere hobetzeko aukera dugun!

Zer duzue pentsatua, bada, aurtengo ediziorako?

Ez dugu aldaketa askorik egingo. Azken finean bariazio asko ere ezin direlako egin. Artisauak antzekoak dira beti. Baina postu bat jartzeko autonomo izatea, elikagaiak manipulatzeko txartela izatea eta beste hainbat gauza eskatzen dizkizute, eta badago hori guzti hori ez izateagatik kanpoan geratzen denik ere.

Dena dela, Artziniegako jendea asko inplikatzen dela aipatu duzu.

Nahikoa inplikatzen dira. Postuak jartzen dituzte eta euren laguntza eskaintzen dute. Baina askok etekin ekonomikoa izan ezean ez dute posturik jartzen. Oso gutxi dira dirua irabazi ez arren ere animatzen direnak.

“Laguntzen gaituzten norbanako eta elkarte guztiei eskerrak eman nahi dizkiet hemendik”

Baina guztiek egiten duten lana eskertu beharra dago, postua jartze hutsarekin giroa sortzen baitute. Laguntzen gaituzten norbanako eta elkarte guztiei eskerrak eman nahi dizkiet hemendik.

Azokara gerturatzen den jende kopuruak ere behera egin du?

Ez, jende asko gerturatzen da oraindik. Etekin ekonomikoari dagokionez, tabernari moduan esan dezaket azken urteetan berdin mantendu dela horrelako azoka batek ematen duen diru kopurua.

Artziniega erdi arora itzultzen da azokaren egunean. Nola egiten duzue herriaren eraldaketa hori?

Antolakuntza gaudenon artean egiten dugu. Trafiko seinaleak estali eta erdi aroko hainbat elementu jartzen ditugu.

Zer egin beharko litzateke festak aurrera jarraitu dezan?

Diru gehiago behar da, dirurik gabe ezin delako ezer egin. 6.900 euro horiek ohikoan ditugun gastu batzuk medio, erdira jaisten da. Kanpora begira azoka garrantzitsu bilakatu da Artziniegakoa. Artisau askok deitzen digute, parte hartu nahi dutela esateko. Izen ona du azokak, hori gutxienez mantendu egin dugu.  

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide