"Kudeaketa ireki eta gardena egingo dugula izango da gure mezua"

Erredakzioa 2014ko abe. 17a, 11:47

JOSEBA VIVANCO (Artziniega) EH Bildu koalizioaren zerrendaburua izango da bere herrian. Prozesu parte-hartzaile baten ostean horrela erabaki dute. Aurrean dituen erronkei buruz mintzatu da.

JOSEBA VIVANCO (Artziniega) EH Bildu koalizioaren zerrendaburua izango da bere herrian. Prozesu parte-hartzaile baten ostean horrela erabaki dute. Aurrean dituen erronkei buruz mintzatu da.

Lehenik eta behin, prozesu baten ondorioa izan da zure hautagaitza. Azalduko zenuke zertan oinarritu den prozesua?

Duela lau urte erabilitako prozedura hobetu nahi genuen, horretarako oraingo honetan aho batez erabaki dugu hasieratik hautaketa librea izatea.

Zentzu horretan benetako prozedura irekia bizi izan dugu, ezberdinon artean eraikitakoa eta erabakitakoa. Prozedura parte-hartzailea eta aberasgarria izan da.

Duela hiru urte 300 pertsona baino gehiagok eman ziguten boza, eta haien guztiengana heldu gura genuen, haiekin kontatzen dugula esatea, bai eta bat egin gura duten guzti-guztiekin.

Hala, etxe bakoitzean orri bat banatu zen eta bertan idatzi zitekeen nortzuk ziren datozen hauteskundeetan EH Bildu Artziniega ordezkatzeko pertsona egokiak (gehienez 12).

Publizitatea eman zitzaion eta postaz bidaliz zen. 30 proposamenetik gora jaso genuen, eta horietatik 46 izen atera ziren. Ondoren, pertsona horietako bakoitzari galdetu egin zitzaion ea zerrendan joateko prest zegoen, eta baiezkoan aurreko postuetan joateko prest ote zeuden, edo bestela, zerrenda osatzeko.

Prozesuan horren ondorioz, zortzi pertsona azaldu ziren zerrendako lehenengo bost postuak betetzeko prest. Prozesu hori burutzeko, abenduaren 13an, batzar publiko eta irekian, botazioa egin zen: lehenengo alkategaia, prest geunden hiru pertsonen artean, eta ondoren bigarrenetik bosgarrenera bitarteko hautagaiak.

Zergatik abiatu zen prozesua?

Esan dudan bezala, argi geneukalako jendearen parte-hartzea sustatu nahi genuela, baina batez ere nahi genuelako herriko jendeak partaide sentitzea, iritzia eman edo batzarretara joateaz harago.

Ez genuen nahi, hautagaien zerrenda, mahai baten inguruan gutako gutxi batzuk erabakitzea.

Hautatzeko dinamika hau ikusarazi nahi genuen, eta jendeak jakin-mina izatea emaitzaren inguruan. ‘Gure’ jendea zein gainerakoek, baita beste alderdietakoek ere. Eta uste dut lortu egin dugula.

Uste dut izan dela prozesu bat ikusmina eragin duena, eta berritzailea. Ez dakit eredugarria den, seguru aski hobeto egin zitekeen eta, baina jendeak ondo hartu du, eta eskertu ere bai.

Nola hartu duzu erabakia? Zeintzuk izango dira zure kideak, zer goraipatuko zenuke?

Errespetu handirekin, eta zalantzekin jakin badakigulako alkatetza lortzeko aukerak ditugula, eta horrek ardura handia dakar, baita pertsonala ere, ez dakizulako prestatua ote zauden eta bateragarri egin ahalko duzun etxeko eta laneko erantzukizunekin.

Aurrerapauso zaila da horregatik hain zuzen, hautatua izatekotan ez delako dedikazio esklusiborik egongo eta horrek denon ahalegina eskatuko duelako.

Alazne Lafragua, Arkaitz San José, Unai Gotxi eta Aintzane Ruiz nire zerrendakideak jende gaztea eta gaitasun handikoa da, eta batez ere gogo handikoa, eta horrekin gabeziak konpondu egiten dira.

Eta jakina, EH Bilduren proiektua babesten duten gainerako artziniegarren laguntzarekin.

Zinegotzia zara dagoeneko, nola bizi izan duzu legealdia? Zer ikasi duzu, zein izan da eskarmentua?

Oso aberasgarria izan da, benetan. Jaio zaren herria egunetik egunera hobetzen ahalegintzea pozgarria da. Ikasten duzu kanpotik ikusita ezberdina dela udala, gauzak askotan ez direla ematen duten moduan, baina baduzula zure esku zure auzokideen eta zure herriaren aldeko gauza asko egiteko aukera.

Zeintzuk izan dira zure taldearen ekarpenak eta hurrengo legealdian egongo diren erronkak?

Asko eta askotarikoak. Uste dut ekimen asko sustatzea lortu dugula, beti egon garela udal-gobernua akuilatzen arinago ibiltzeko, ez zedin egon –askotan egon den eta dagoen bezala- stand by egoeran.

Lortu dugu udala jendeari irekitzea, jendeak jakitea zer gertatzen den hor barruan, zer erabakitzen den haien izenean.

Eta dena oposizioan egonda, proposamen asko eta asko aurkeztuta, ideia asko; eta haietako asko gauzatu egin dira.

Gure erronka izan da eta izango da udal bat zuzentzen duten pertsonak diru-kudeatzaile hutsak ez izatea, burokrata hutsak ez izatea. Jendearentzat aberasgarria den udal-jarduera baten alde gaude, zeinak sinergiak ezarriko dituen talde kultural eta sozialekin. Jarduera dinamizatzaile eta garden bat, galdetzen zaionean erantzungo duen udal bat lortzeko, jendeari beldur barik galdetuko dion udal bat…

Udal honek leihoak zabaldu egin behar ditu aire berri eta freskoa sartu dadin. Eta guk birikak beterik dauzkagu.

Zein da zure ibilbide profesional eta politikoa?

Kazetari lanetan ibili naiz laurogeita hamargarren hamarkadaren bukaeraz geroztik, lehenengo Egin egunkarian, itxi zuten arte, eta ondoren Garan.

Gaur egun Athletic-en informazioaz arduratzen naiz. Eta herrian izandako parte-hartzeari dagokionez, beti saiatu naiz bertan egoten, batez ere jai ekitaldietan, oso gaztea nintzenetik.

Gaztetan herriko aldizkari bat argitaratzen genuen. Lagundu behar bada, ba hantxe gaude, baina Artziniegan ia denok bezala; izan ere, herri hau zerbaitengatik nabarmentzen bada, da elkarlanean aritzeko gaitasun itzelagatik. Horretan beste bat gehiago naiz.

Zeintzuk izango dira Artziniegako EH Bilduren programaren ildo garrantzitsuenak?

Egia esan, hemendik aurrera hasiko gara programarekin, elkarte, talde, gazte eta abarrekin bilerak eginez.

Batzar irekiak izango dira, ideiak jasotzeko, beharrizanak eta kezkak detektatzeko, eta hortik aurrera programa zehatz bat osatuko dugu.

Ez da orokorkeriaz eta zehaztugabetasunez beteriko programa bat denok ados egoteko, baizik eta izen-abizenak dituzten proposamenak.

Argi daukagu ez dugu adreilu bat salduko. EH Bildu Artziniegan nahi dugu gure mezua izatea kudeaketa ireki eta gardena egingo dugula, zerikusirik izango ez duela azken urteotakoarekin. Gauzak egiteko beste modu bat dago, eta uste dugu jendeak eskertuko duela .

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide