Maketa lehiaketa jarri du abian Artziniegako Rock Elkarteak, bigarren urtez jarraian. Iaz egin zuten lehen edizioa. “Oso ondo atera zen, maila oso ona zeukaten talde eta bakarlariak aurkeztu ziren, estilo anitzekoak”, azaldu du elkarteko kidea den Xabier Vellek, baina gaineratu du egon zirela baita aurkezterik izan ez zuten musikari ugari, irabazleak Artziniegako Jaietan jo behar zuelako eta talde askok data hori okupatuta zutelako.
Aurten ere festetan jotzeko parada izango du epaimahaiaren saria irabazten duen taldeak. Irailaren 2an eskaini beharko du kontzertua, eta 300 euro jasoko ditu baita. Publikoaren saria ere egongo da, Facebook bidezko “atsegiteen” arabera ebatziko dena. Estudio profesional batean grabaketa sesioa egitean datza sari hori.
Azken eguna, abuztuaren 13a
Abuztuaren 13a izango da lehiaketara aurkezteko azken eguna. Baldintza bakarra bete behar da horretarako: Taldeko kide bat gutxienez izatea Aiaraldekoa edo Enkarterrikoa. Errolda ziurtagiria aurkeztu beharko du pertsona horrek.
Hortaz gain, 3-5 abesti aurkeztu beharko ditu parte hartzaile bakoitzak, eta horietatik bat hautatu beharko dute, “hobekien ordezkatzen diena”. Taldearen biografia, logotipoa eta kideen izen abizenak eta jaiotza data ere eman beharko dituzte. Artziniegarockelkartea@gmail.com helbidera bidali beharko dute taldekideek aipatutako guztia. Bi telefono zenbaki prestatu dituzte rock elkarteko kideek, zalantzak argitzeari begira: 652 74 38 72 eta 626 65 72 61.
“Gure asmoa ez da taldeen arteko norgehiagoka sustatzea, hemengo taldeak aditzera ematea baizik”, azpimarratu du Islak, “Maila handiko musikariak daude eskualdean, baina ez ditugu behar beste ezagutzen”.