Komando Rotonda taldea izango da Artziniegako Jaietako pregoilaria. Bozketa herritarren bidez ebatzi da hautaketa. Komando Rotondak 112 boto jaso ditu, 109 Goma Bik eta 29 GAPek.
Sare sozialen eta udaletxean jarritako ontzien bidez bideratu da bozketa. Proposamenak jasotzeko epe bat ireki zen lehenbizi, eta hiru aukeratuenak -aipatutako hiru taldeak- igaro dira azken fasera.
Duela zazpi urte sortu zen Komando Rotonda taldea. Arenaza auzoaren independentzia aldarrikatzea du helburu, umorea baliatuta.
Kritikak
Goma Biko kideek, baina, bozketan parte hartu nahi ez zutela adierazi zuten, ez zaielako egokia iruditzen pregoilaria aukeratzeko modua. “Facebookeko atsegiteen arabera hautatzea guztiz desegokia iruditzen zaigu”, salatu dute, eta gaineratu dute ez zaiela “poltronan edozein preziora” egotea gustatzen; “30 urte baino gehiago daramatzagu jaien antolakuntzan eta inoiz ez dugu planteatu gu izatea pregoilariak”.