Artziniegako Udalak adierazi duenez, Gazteen zein Edadetuen bazkarirako txartelak salgai jarri dituzte dagoeneko. Abuztuaren 28tik 30era egongo da erosteko parada. Horretarako goizez 11:00etatik 13:00etara egongo dira udaletxe aurrean antolatzaileak; eta arratsaldez 18:00etatik 20:00etara.
Hiru herri bazkari
Hilaren 2an izango da aurreneko bazkaria, La Jarrilla txokoak antolatuta. Indabak izango dira plater nagusi. Antolatzaileen esanetan, ez da epez kanpoko izen ematerik onartuko. Hala, 13 urtetik gorakoek 8 euro ordaindu beharko dituzte, eta umeek (6-12 urte) 4. Bost urte baino gutxiagodunek doan jasoko dute jana.
Gazteen txanda irailaren 4ean helduko da, 14:30ean. Parte hartzea sustatzeko prezio herrikoia jarri dute: 4 eurokoa, hain zuzen.
Edadetuen otordua, berriz, irailaren 7an izango da, 15:30ean. Prezioari dagokionez, 16 euro balioko ditu. Udaletik aurreratu dutenez, Jubilatuen Etxeak ere eskainiko du horretarako aukera.