Azken hilabeteetan Artziniegan burutu dituzten egitasmoen berri eman du Berdintasun Arloak. "Berdinsarea" egitasmora batu da Udala, eta lau aldiz elkartu dira herriko eragileak "Berdintasun Foroan". Eskualdean, Aiarako Kuadrillako lehenbiziko Berdintasun Plana osatzen lagundu dute. Era berean, indarkeria matxistaren diagnostikoa gauzatzeko dinamikan hartu dute parte.
Trebakuntza ugari
Bestalde, 12 hilabetetan zehar tailer eta trebakuntza ugari antolatu dituzte. Batetik, udal langile eta ordezkari politikoek saio bereziak eduki dituzte. Topaketei dagokienean eskualdekoak nabarmendu dituzte.
Bizilagunei ere eskaini dizkiete hitzaldiak eta tailerrak, horren adibide dira "Jolas txokoak" edota Arteko Gure Ama ikastetxeko transgenero saioak. Azken hori, adin txikikoei bideratutakoa izan da.
Jaien testuinguruan, kartelak itsatsi zituzten herriko tabernetan. Ildo beretik, ostalariei tailer informatiboa luzatu zitzaien, euren lokaletan gerta litezkeen eraso sexisten aurrean martxan dauden protokoloen berri emateko.
Mobilizazioak
Urtean zehar Hiriska emakume elkarteak kontzentrazioak deitu ditu emakumeren bat erail duten aldiro. Emakume Langilearen Nazioarteko Egunaren harira Otsatik eta Hiriskak osatutako egitaraua azpimarratu dute, baita maskulinotutako lanbideei buruzko emakume artziniegarren solasaldia ere.
Genero aniztasuna
Genero aniztasuna izan da jorratu duten beste gaietako bat. Maiatzaren 17an, esaterako, “Zinegoak” programako laburmetraiak proiektatu zituzten. Halaber, sexu aniztasunaren inguruko argazki erakusketa barreiatu zuten Artziniegako taberna eta komertzioetara udaberrian. Emakumeen Osasunaren Nazioarteko egunean (maiatzak 28), aldiz, hitzaldia egin zuten "gaixotasunen feminizazioa" mahaigaineratzeko.
Hizlarien artean hainbat aditu bertaratu dira; Josebe Iturriotz, besteak beste. Gainera, "Desprintzesatze tailerra" eta "Gizonezkoak berdintasunaren alde" jarduerak ere egin dira, Laia Ahalduntze Eskolarekin elkarlanean.
Bistan denez, egunerokoan bigarren ezkutuan igarotzen diren emakumeen egoerei ere egin diete tokia. Landa-eremuan lanean diharduten emakumeen esperientzia jaso zuen hitzaldia da horren adierazle; edota Otsati elkarteak hilerokoari eskainitako argazki erakusketa.
Dena dela, haur eta helduei ez ezik, gazteei ere zabaldu diete feminismora batzeko deia. Gaztelekuko kideek, esaterako, feminismoa goraipatzen duen murala margotu zuten frontoiaren aldamenean. Horrez gain, kirolera ere gerturatu dute aldarria, bigarrenez antolatuta Berdinkrosa.
2018ari begira, Artziniegako elkarte eta herritarrekin atondutako "berdintasunaren aldeko egutegia" da aurkeztu duten lehen ekintza. Udaletxean eskura litezke aleak doan. Aurrera begira, lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi dute eragileek.