Artziniegako jaietako pregoilari eta txupineroak aurkeztu ditu udalak. "Embutidos Arceniega" arduratuko da pregoia irakurtzeaz, eta suziria pizteaz Antonio Fernandez Lera “Kali”.
Gaur hastekoak ziren pregoilaria aukeratzeko bozketekin, abuztuaren 17 arteko tartean erabakita egoteko. Mateo Lafragua, Valentin Campo, Antonio Fernandez Lera “Kali” eta Arceniega Hestebeteak izan dira herritarren proposamenak. Artziniegako Udalak jakinarazi duenez, Lafraguak eta Campok hautatze prozesutik ateratzeko erabakia hartu dute. "Gainontzeko bi parte hartzaileekin berriz ere harremanetan jarrita, beraiekin adostuta, jai antolatzaileek honako erabakiak hartu dituzte: pregoilaria aukeratzeko bozketa prozesua bertan behera gelditzea, Arceniega Hestebeteak irakurtzea pregoia, eta Antonio Fernandez Lerak txupinazoa jaurtitzea".
Omentzeko arrazoiak
"Arceniega Hestebeteak" Antzinako Merkatua eta herriko zenbait ekintza babesteagatik omenduko dute. Antonio Fernandez Lera "Kali", aldiz, Arabako Odol Emaileen Elkarteko ordezkari izateagatik aukeratu dute, 30 urtetik gora daramatzalako konpromisoari eusten. "Lan mardul bezain garrantzitsu honek guztion aitortza eta esker ona merezi du", azpimarratu dute udaletik.
Zergatik egin diote uko hautagaiek?
Valentxu Camporen hitzetan, hautaketa prozesua ez da egokia, ez proposamen ezta erabakitze bideetan ere: "Nire ustez jai antolatzaileek erabaki behar dute, ez lagun gehien dutenek. Pregoia herriak edo udalak aitortza egiteko modu bat da. Nire ustez hori da bide zuzena". Sare sozialetan, biek ala biek -Campok zein Lafraguak- adierazi diote babes osoa aurtengo pregoilariari eta txupin jaurtitzaileari.