Atzo bildu ziren Artea etnografia elkarteko eta udaleko ordezkariak Artziniega Museoaren itxieraren gaia lantzeko, baina ez zuten akordiorik erdietsi. “Egoerak bera izaten jarraitzen du: udalak ez luke museoa finantzatzearen ardura bere gain hartuko gainontzeko instituzioen laguntzek huts egitekotan”, azaldu du elkarteko kidea den Mateo Lafraguak. Hori da, hain zuzen, Arteako kideek eskatzen dutena, museoaren gastuak euren gain hartu ezin dituztela iritzita.
Gauzak hala, museoak itxita jarraituko duela nabarmendu du Lafraguak, eta ohartarazi du geroz eta zailagoa izango dela berriz irekitzea. Era berean, gida zerbitzua eskaintzen zuten lau pertsonak langabezian geratuko direla nabarmendu du elkarteko kideak.
Udalaren proposamena
Udalak proposamena jarri zuen mahai gainean atzoko bileran: 13.000 euro bideratzea museoaren mantenura eta beste 70.000 bertako jardueraren finantzaketara. Horrez gain, tokiko erakundeak 6.000 diru-laguntza emango lioke Artea etnografia elkarteari.
Hala adierazi du Iñigo Gomezek. Alkateak nabarmendu du udalak ezin duela Artea etnografia elkarteak eskatzen duena egin, “ezin duelako berme-emaile gisa jardun”.
Era berean, museoaren bideragarritasun plana osatzea proposatu zuen tokiko erakundeak bileran, Gomezek azaldu duenez. “Horrek ez du esan nahi orain arte eginikoa gaizki egon denik. Baina azken hitzarmena 2004. urtean sinatu zen, museoan 9.745 bisita egon zirenean. Iaz, baina, 6.800 baino ez ziren egon”. Errealitatea aldatu da eta, horregatik, egoera berrira moldatutako plana osatu behar da eta elkarteak “finantzaketa bide berriak” bilatu behar ditu, alkatearen aburuz.
Artea etnografia elkarteak eginiko lana balioan jarri du Iñigo Gomezek. “Elkartearen eta herritarren lanari esker lortu da Artziniega Museoa Euskal Herriko museo etnografiko onena izatea”. Horregatik, inplikazioa eskatu die alkateak gainontzeko instituzioei. Era berean, nabarmendu du udalak museoarekiko konpromiso handia izan duela: “2004tik hona 600.000 euro bideratu ditu tokiko erakundeak museora”.
Bilera gehiago ez momentuz
Momentuz ez dute bilera gehiago egitea aurreikusi. Artea elkarteko kideak gaur bilduko dira. Udalak, aldiz, itxaron egingo du, elkarteak bere eskaintza kontuan izatea espero duelako.
Oharra: Eduki hau herritar eta bazkideei esker plazaratu da, Artziniegako Udalak tokiko euskarazko hedabide bakarra ekonomikoki ez babestea erabaki baitu.