Urtarrilaren hasieran itxi zen Artziniegako Artea Museoa, finantzaketa faltagatik. Atzo iluntzean 300 lagun inguru elkartu ziren udaletxean, egoera salatu eta egitasmoari babesa emateko. Tokiko zenbait komertziok ere bat egin zuten deialdiarekin, elkarretaratzearen orduan dendak itxita. Artziniega Museoa Bizirik herri ekimenak egin zuen deialdia:
Sare sozialetan adierazi dutenez, mobilizazioaren ondotik sinadura bilketa abiatu dute gaur Change.org atarian.
Artea etnografia elkartearen oharra
Artea etnografia elkarteak kudeatzen du museoa, eta oharrean nabarmendu dutenez, 2004tik gaur arte Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak emandako diru-laguntzari esker finantzatu da proiektua; "sarreretatik lortutako diru guztia udalari eman diogu". Gogoratu dutenez, 2018an egin duten eskaera bakarra izan zen gida zerbitzuaren gastuak kubritzeko diru-laguntzaren batek kale egitekotan, udala izatea diru hori bermatuko lukeena, "eta ez elkarteko kideek gure ondare pertsonalekin, exijitu zaigun bezala".
Amurrioko Zaraobe Institutuak udaletxean idazkia sartu du aste honetan, herriko ondarea berreskuratu eta ezagutaraztearen alde museoaren lana aitortzeko eta babesa adierazteko.
Oharra: Eduki hau herritar eta bazkideen laguntzari esker plazaratu da, Artziniegako Udalak tokiko euskarazko hedabide bakarra ekonomikoki ez babestea erabaki baitzuen.