Herriko zein inguruko hautagaiak -Iñaki Ibarluzea eta Natxo Urkixo, besteak besteak- egon ziren atzo Joseba Vivanco EH Bilduko alkategaiaren aurkezpenean Artziniegan. Kike Fernandez de Pinedo Arabako Foru Aldundiko koalizioko zerrendaburuak ere parte hartu zuen ekitaldian.
Joseba Vivancok gogoratu zuen aurreko hauteskundeak irabazi zituela EH Bilduk, nahiz eta alkatetza ez lortu, PPren botoaren ondorioz. Halaber, goraipatu zuen oposizioan ere gobernatu dutela, udal gobernuko erabakietan eragiten: igerilekuen tabernaren irekieran, autobus geltoki berria eskatuta...
Dena den, modu zorrotzean kritikatu zuen EAJren agintaldia, eta Vivancok adierazi zuen herria ezer ezean geratzen ari dela jeltzaleen ezintasunagatik. Etnografia museoaren edo errepide konkorren adibideak jarri zituen.
Hautagaiaren ustez, EH Bilduk talde gaztea eta eraginkorra osatu du eta, bereziki, politika egiteko bestelako jarrera eskaintzen dute, partaidetza eta herritarren iritzia aintzat hartuta.
Koalizioaren helburua da 5 ordezkari eskuratzea hauteskundetan eta zuzenean alkatetza lortzea. Euren asmoak dira, besteak beste, ibilbide laua eraikitzea Artziniegan herritarrek paseatzeko -orain mendira jo behar baitute derrigorrez- Dorreko Hotela funtzionatzea berriro, ur saneamendua hobetzea eta, nola ez, Artziniega Museoa berriro irekitzea.
Horretarako, azpimarratu zuen EH Bilduko beste ordezkarien laguntza izango dutela Eusko Legebiltzarrean edo Arabako Batzar Nagusietan. Horien artean egongo da Kike Fernandez de Pinedo.+
Oharra: Eduki hau herritar eta bazkideen laguntzari esker plazaratu da, Artziniegako Udalak tokiko euskarazko hedabide bakarra ekonomikoki ez babestea erabaki baitzuen.