EH Bildu: "Maroto bezala, maiatzaren 26an EAJ etxera bidaliko dugu"

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko mai. 19a, 15:00

Artziniegako EH Bilduren ekitaldian Ainhize Solaun Batzar Nagusietarako hautagaiak, Zuriñe Frutos zerrendakideak eta Joseba Vivanco alkategaiak hartu dute parte, besteak beste. 

Frontoian burutu du ekitaldi politikoa Artziniegako EH Bilduk. Ainhize Solaun Mendiguren Batzar Nagusietarako Aiarako hautagaiak hartu du hitza lehenik. Apirilak 28ko emaitzak justizia poetikotzat jo ditu: "40 urteren ostean eskuinekoak kanporatu ditugu. Maitzaren 26an emaitzak hobetuko ditugu". Aiaraldeari dagokionez, 9 udalerritan gobernuan zein oposizioan EH Bilduk eginiko lana goraipatu du, "lorpen handiak izan ditugu, nahiz eta borrokak sufrimendu ugari ekarri". Aipamen berezia egin die Isidro Murga eta Galder Barbadori. Egoera politikoari erreferentzia eginez, ziklo berriaren beharra azpimarratu du: "Bestelako lehentasun eta gobernu ereduak behar ditugu, parte hartzean oinarritutakoak, herriek preferentzia izango dutenak". Euskal Herriko langabezia tasa altuenetakoa eskualdean dagoela nabarmendu du, tokiko komertzioek multinazionalen negozioei aurre egin behar dietela, "eta gazteek atzerria jo behar dutela ogia lortzeko". EH Bilduren aldeko boza eskatu du hautagaiak: "Talde lanak, ilusioak, gardentasunak eta zintzotasunak definitzen gaitu. Gu ez gara politikari profesionalak, militante politikoak gara; urteak daramatzagu herri eta nazio honen alde lanean, horregatik dakigu EH Bildu dela tresnarik eraginkorrena norabidea aldatzeko".

Zuriñe Frutos EH Bilduren zerrendakideak herri programako egitasmoak laburtu ditu. "Datozen lau urteetarako ni naiz aurpegi berrietako bat, baina ilusioz eta zalantza gabe heldu diot proiektuari". Izan ere, parte hartze prozesuaren bidez osatu dute zerrenda eta herri programa. "Udaletxe zaharraren eraikin guztia egokituko dugu, ikasteko gunea...". Elkarte eta herritarrei begirako egitasmoak aipatu ditu Frutosek. Obra eta inbertsioetatik harago, Artziniegak aldaketa izateko beharrezkotzat jo du EH Bilduk gobernatzea. 

Joseba Vivanco alkategaia izan da hitza hartzen azkena. Artea Elkarte Etnografikoko jendea eta Museoa Bizirik mugimendua zorionduz hasi du bere tartea, "urte gogorra izan arren, eutsi egin diozue, eredu izan zarete". Etorkizunaz garbi mintzatu da: "4 urte pasata ez gaude hemen irabazteko bakarrik, gobernatzeko baizik. Artziniegak eta jendeak hori merezi du". EAJren lana kritikatu du zerrendaburuak: "Museoa ixteko zorian egon da; Suitzako bandera jarri dute udaletxe zaharrean ongi etorri errefuxiatuak beharrean, udalbatzan onartu bazen ere; eskualdeko euskarazko komunikabide bakarrari dirulaguntza kendu zioten PPk aurrekontuak babestu zitzan, Gaztelekua oztopo arkitektonikoak kendu gabe inaguratu dute...". Artziniegarren geroa dago jokoan, Vivancoren aburuz: "Kontua ez da nork inbertitu edo aurrezten duen gehiago, gauzak egiteko modua baizik, horregatik nahi dugu EH Bilduk irabazi eta gobernatzea". Horretarako taldea -zerrendakideak- aurkeztu dituzte segidan. Baikor eta indartsu azaldu da taldea:"Maroto bidali genuen bezala maiatzaren 26an EAJ etxera bidaliko dugu".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide