2.222.204,15 euroko aurrekontua onartu zuten atzo Artziniegan EH Bilduren aldeko botoekin. EAJk eta Alderdi Popularrak, aldiz, kontrako botoa eman zuten. Iaz baino 53.087 euro gutxiago izango ditu aurtengo aurrekontuak, baina pasaden urtekoa apirilean onartu zela eta aurtengoa, aldiz, otsailean abiatu dela azpimarratu dute udaletik, eta ziurtatu dute hemendik gutxira "gobernu berriko kontuak" erabiltzen hasi ahalko direla.
Inbertsioei dagokienez, “aurrekontu zuhurra” aurrera eramaten saiatu direla esan dute EH Bildutik ohar baten bidez. Horren harira, 2019an “amaituta egon beharko luketen” hiru obra oraindik amaitzeke dituztela gehitu dute: udal-igerilekuen eraberritzea, “ur hornidurako sareko fibrozementuzko hodia aldatzeko lehenengo fasea” egitea, eta Gordeliz auzorako ur-konexioa instalatzea. Nahiz eta Arabako Foru Aldundiak finantzatutako obrak izan, udalak “milioi erdi euro inguru” ordaindu beharko ditu.
Beste hainbat lan egitea ere aurreikusten dute. Esate baterako, udaletxeko bigarren eta hirugarren solairuen eraberritzea, ikastetxe publikoko jantokiaren intsonorizazioa eta argiteria publikoaren berritze prozesua amaitzea. Gainera, Hiri Antolamenduko Plan Orokor berriaren idazketa esleitzea espero dute aurten, baita Kultur Etxea eraberritzeko proiektuaren idazketa lizitatzea ere, 2021ean egin ahal izateko.
Inbertsio eta obretatik aparte, berrikuntza bezala, klima-aldaketaren aurkako ekintzak ezartzeko eta Artziniegako kultur aniztasuna lantzeko diru-partidak ere bideratuko dira. Horren harira, adinekoentzako, jaietarako eta berdintasun jardueretako partidak 1.000 eurotan handitu dira. Kultur jardueretara 1.300 euro gehiago bideratuko dira, eta euskara sustatzeko partidak 1.500 euroko igoera izango du. Barratxi guraso elkarterako iaz baino 1.400 gehiago bideratuko dira. Auzoko jaietarako 600 euroko igoera egongo da eta 200 euro gehiago emango dira Zaraobe Institutuan dauden Artziniegako ikasleen eskolaz kanpoko jarduerak bultzatzeko.