"Birusak utzitako egoera medio, Artziniegako Udalak eta Jai Batzordeak jaiak bertan behera uztea erabaki dugu"

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko abu. 25a, 10:33

Aurten ez da jairik egongo. / Aiaraldea.eus

Iraileko lehen bi asteburuetan izan ohi dira jaiak, baina aurten ez dute egitaraurik osatuko, pandemiaren ondorioz. Udalak, ordea, ekintza batzuk prestatuko ditu "egoera larritzen ez bada".

Artziniegako Jai Batzordeak sare sozialetan adierazi duenez, aurten ez dituzte ekintzak antolatuko irailean: "Birusak utzitako egoera dela medio, Artziniegako Udalak eta Jai Batzordeak aurtengo jaiak bertan behera uztea erabaki dugu".

Ildo beretik, zentzuz aritzeko deia zabaldu dute, "arretaz jokatzekoa". Berri txar gisa atera dute oharra, baina itxaropen mezua luzatu dute, hurrengo urteko irailean elkar ikusteko esperantzan herriko jaiak goraipatuta. "Aurten, irailaren lehenengo asteburuan ez ditugu Doña Tomasa, Gizena eta Argala jaiei hasiera ematen ikusiko, ez dugu Goiko Plaza pintxoz eta tortillaz beteko, ez ditugu playback txapelketan eta bonbona lasterketan bizi den urduritasuna sentituko, ez gara bustiketan hunkituko eta ez diegu jaiei amaiera on bat emango. Tristea eta zorigaiztokoa izan arren, hurrengo urteko jaiak gogoz ospatuko ditugu!", azpimarratu du Artziniegako Jai Batzordeak Facebooken.

Ekintza bakan batzuk aurrera

Unai Gotxi Kastrexana kultura zinegotziak Aiaraldea Hedabideari jakinarazi dionez, jardueraren bat eskaintzeko asmoa du udalak, "egoera larritzen ez bada". Horien artean daude Magialdia, antzerkia, herri kirolak eta Zinegoak festibalaren proiekzioa. 

Edozelan ere, prebentzio eta osasun neurriak indartzeko eskatu die artziniegarrei: "Badakigu zer egin behar dugun, prebentzio neurriak ezagutzen ditugu, beraz, arduraz jokatu dezagun egoera txarrera joan ez dadin".

Horrelakoak izan ziren iazko festak:

Jaien inguruko irudiak eta erreportajeak "Artziniega jaietan" atari berezian ikusi daitezke.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide