Ur-biltegi berri bat eraikitzea ahalbidetuko duen lankidetza hitzarmena babestu du EAJk

Txabi Alvarado Bañares 2021ko eka. 23a, 18:32

Gaur egungo ur-biltegiaren toki berean eraikiko dute azpiegitura berria.

Maiatza Ezohiko Udal Osoko Bilkuran onartu zen hitzarmena. 

Maiatzeko Ezohiko Udal Osoko Bilkuran onartu zen Artziniegan ur-biltegi berri bat eraikitzeko Arabako Foru Aldundiaren, Urkidetza Ur Partzuergoaren eta udalaren artean sinatutako akordioa. EAJk horren alde bozkatu zuen plenoan, eta oharra plazaratu du bere jarrera azaltzeko. 

Jeltzaleek azaldu dute hitzarmen horrek 1.600 metroko ur-biltegi berria eta 814.000 euroko inbertsioa gauzatzea ahalbidetuko duela. Gauzak hala, “mugarri oso garrantzitsua eta ezinbestekoa” izango da udalerriko bizilagunentzat. Encina Castresanaren hitzetan. Arabako Foru Aldundiak eginiko lana goraipatu du zinegotziak, eta eskerrak eman dizkio Jose Antonio Galera jeltzaleari, berak zuzentzen duelako Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza kartera, eta gaiarekiko inplikazio handia erakutsi duelako azken hilabeteetan. 

Alkateak Sevillara eginiko bidaia hizpide

Horrez gain, bestelako gai bat ere izan du hizpide opozisioko taldeak prentsa oharrean: Joseba Vivanco alkateak Sevillara Athleticen finalera eginiko bidaia. Gai hori ere izan zuten hizpide Ezohiko Udal Osoko Bilkuran. "Oposizio arduratsu gisa, gure lana udal-gobernua kontrolatzea da”, azaldu dute jeltzaleek, “horregatik, ez genuen inoiz ulertu zergatik Joseba Vivanco ez zen agertu bere borondatez eta berehala egun horietan egoitza ofizialean azalpen publiko bat emateko. Ba al zegoen ezkutatzeko zerbait?".

EAJren ustez, alkateak “adierazpen zitalak” egin zituen bidaiarekiko lehen kritikak agertu zirenean, “EAJ osatzen duten pertsona guztienganako gezurrez eta irainez jositakoak”. Jeltzaleen ustez, alkateak ez zuen azalpen zehatzik eman bere garaian, eta “aurkari politikoa iraindu eta difamatzera” jo zuen. 

Vivancok, bere aldetik, aipatu du gaiari buruzko azalpen guztiak Udal Osoko Bilkuran eman zituela. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide