Asteburu bizia dute aurretik Artziniegako Bizindar Herri Kirol taldeko kideek

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko aza. 12a, 12:30
Bizindar taldeko kideak 2018an Bernedon jokatutako Arabako Herri Kirol Txapelketan. / Aiaraldea.eus

Asteburu honetan Laukizen, Mungian eta Larrabetzun Euskadiko Herri Kirol Federazioak antolatutako txapelketetan lehiatuko dira Artziniegako Bizindar taldeko herri kirolariak.

Asteburu bizia dute aurretik Artziniegako Bizindar herri kirol taldeko kideek. Izan ere, Euskadiko Herri Kirol Federazioak antolaturiko hainbat txapelketetan parte hartuko dute.

Bihar, azaroak 13, Mungiako Matxin plazan egingo dute lehenengo geldialdia. Emakumezkoen Euskadiko lokotx-biltze, lasto-altxatze, ingude-jotze eta txinga txapelketak egingo dira bertan, 11:00etatik aurrera. Zuriñe Frutosek ordezkatuko du Artziniega lokotx-biltze txapelketan.

Larunbatean ere Gizonezkoen Lokotx-Biltze Txapelketa jokatuko da Laukizeko frontoian, 19:00etan. Aritz Iturribarria eta Guillermo Lopez ahaleginduko dira txapela eskualdera ekartzen.

Sokatira txapelketa

Azkenik, Euskadiko Herri Kirol Federakundeak 4x4 sokatira txapelketa antolatu du Larrabetzun. Txapelketa 17:00etan hasiko da herriko frontoian, eta sarrera doakoa izango da. Bizindar taldea gizonezkoen senior kategorian neurtuko da Beti Gazte, Berriozar, Txantrea, Antsoain, Ibarra, Amaiur eta Abadiño taldeen aurka.

Ibilbide oparoa egin dute Artziniegako herri kirolariek azken urteetan. 2018an  Arabako Herri Kirol Txapelketa irabazi zuen Bernedon. Iaz, aldiz, Irlandan izan ziren, Letterkenny hirian jokatu zen Munduko Sokatira Txapelketan parte hartzen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide