Artziniegako Jai Batzordeak eman ditu dagoeneko 2022ko festetako lehen xehetasunak. Hain zuzen, pregoilariak izendatu dituzte jada: herriko osasun zentroko langileak izango dira aurtengo omenduak. "Gure ustez, hautaketak herriaren gehiengoaren onarpena izango du, Artziniegako herri osoarena ez esatearren", zehaztu dute.
Modu horretan nahi diete aitortu eta eskertu herritarren zaintzaren alde eginiko lana: "Bereziki pandemiaren unerik txarrenetan, eta ondoren, COVID-19aren aurrean, lehen lerroan egon diren pertsonak dira, bi urte hauetan guztien osasuna zaintzen". Hiru osasun langile ditu Artziniegak, eta eurak izango dira pregoilariak: Eneritz Ugarriza Lado, Marisa Fernández Diego eta Nuria Peral Lucas. "Eskerrak eman nahi dizkiegu, Artziniegako herri osoaren izenean, egindako lanagatik, inplikazioagatik eta dedikazioagatik", azpimarratu du Jai Batzordeak sare sozialetan.
