ALEJANDRO QUINCOCES

“Nire koadroen abiapuntua errealismoa da, izan daiteke lagunen arteko hizketaldia edo Gazan egondako eraso israeldarra”

Aitor Aspuru Saez 2022ko uzt. 1a, 07:00
Alejandro Quincocesek Artziniegan du lantokia. / Aiaraldea.eus

ALEJANDRO QUINCOCES (Bilbo, 1951) aspaldidanik bizi da Artziniegan eta herrian dauka bere estudioa. Handik atera dira hainbat koadro eta horietako batzuk orain New Yorken daude. Gainera, hamaika sari jaso ditu, BMW saria, besteak beste. Bere lantokian bisitatu dugu harekin solasaldia izateko.

Orain New Yorken duzu erakusketa, zer nolako ahalegina behar du horrek?

Oso korapilatsua da. Niri nagia ematen dit New Yorken erakusketa egiteak. Lehenik eta behin, kutxak ezin dira egurrezkoak izan, txapazkoak izan behar dira, bestela aduanan arazoak jartzen dituzte, xilofagoak egon ditzakeelako. 

Aintzat hartu behar da nire koadroak zurrunak direla eta azkenean 45 edo 60 kilo pisatu dezakela kutxak. Bidaltzea benetan zaila da, hainbat izapide bete behar direlako.

Dena den, badakigu horrela dela, erakusketa bat izan dudalako aurretik, erakusketa kolektiboetan ere parte hartu dut, baita azoketan ere.

Edonola ere, deitzen badizute ezaguna zarelako izango da, ezta?

Bai, jakina, duela hamar urte edo hamabi lan egiten dut arte-galeria berarekin. Aurretik beste batekin egin nuen. Azoka baten bidez hasi genuen harremana eta gero Internetek asko hurbiltzen du jendea. 

New Yorken ez ezik, hamaika herrialdetan izan dituzu erakusketak eta arte lanak, nola lortu duzu?

Logikoa da. Modu lokalean hasi nintzen, lehiaketetan eta erakusketetan parte hartzen, gero Espainiako estatuan egin nuen eta sariak ere jaso ditut. Horrela ezagutu naute eta apurka-apurka atzerriko ateak ireki zaizkit. Nik beti pentsatu dut maitatua izan behar zarela, ezin zara zu karpeta batekin atzerrira joan zure burua aurkeztera.

Galeriak, sariak eta azokak oso lagungarriak dira horretarako. 

Zure palmaresa oso handia da

Bai, aire librean egiten ziren lehiaketetan hasi nintzen. Oso arrunta da. Modu horretan lortzen duzu diru apur bat, hastapenetan ez baituzu. Horrekin bitartekoak erosten dituzu, materialak. Gero estatuko lehiaketetara jo nuen eta azkenik nazioartekoetara. Funtzionatzen zuen, gutxi gorabehera, eta ezaguna izatea lortu nuen. Galeria batek deitzen dizu berarekin  lan egiteko, gero beste bat dator eta borobila handitzen doa etengabe.

Duela zenbat urte zara margoketaren profesionala?

Publizitate marrazkilari gisa hasi nintzen. Ilustrazioak eta diseinu grafikoa egiten nituen. Aldi berean hasi nintzen margotzen. Uste dut nire lehen koadroa 17 urterekin margotu nuela, 1968an edo.

Bilboko Arte Ederretako Museoan egin zen Euskal-Nafar I. Margo Lehiaketa eta izena eman nuen, baita bigarren edizioan ere. Aldi berean aire libreko lehiaketetan aritzen nintzen, eta publizitate agentzietan egiten nuen lan.

Gero lortu nuen erakusketak izatea eta 1978an zirkuitu txikia nuen lan egiteko maiztasunez Bilbo, Madril eta Santanderreko galerietan. 
Orduan hasi nintzen profesionalki lan egiten eta horri esker utzi nituen publizitate agentziak.

Zure margotzeko modua aldatu al da urte horietan guztietan?

Bai, eboluzioa egon da. Hasieran ‘Madrilgo eskola’ zen nire estiloa. Bazeuden margolari batzuk nik oso gogoko nituenak: Agustín Redondela,  Novillo, Pancho Cossío…

Bazeuden margolari euskaldun oso onak: Iñaki García Ergüín, adibidez. Eta nola ez, lehenengo euskal abangoardiak; Juan Etxebarria, Julian Tellaetxe… Oso gogoko nituen eta bilaketa joko batean nengoen buru-belarri. 

XX. mendeko hasierako euskal margolariek jakin-min handia sortzen zidaten. Ignacio Zuloagak, adibidez.

Horri gehitu behar zaio 1963an ezagutu nuela ere Espainiako margoketa abstraktoa, aldizkarien bidez; El Paso taldea, Luis Feito, Manuel Rivera…
Hortaz, alde batetik egiten nuen abstrakzioa eta bestetik figurazio espresionista. Denborarekin eboluzioa izan nuen dena bateratu arte, gogoko dudan guztia biltzen dut. 

Testurekin eta materialekin oso jolas bizia egin dut, betiko errezeta zaharrak ere baliatzen ditut eta pinturaren oso zentzu materiala dut, dramatikoa eta bizia aldi berean.

Duela 30 urte nire margo lanak figuraziozkoak dira, baina abiapuntu errealista dute. Transzendente izaten saiatzen naiz, baina bizitzan gertatzen diren pasarteak baliatuta. Adibidez, Gazako gerrako eraso israeldar baten irudia egin dezaket, edo New Yorkeko paisaia. Hori bai, beti zentzu epiko, transzendente edo erromantikoa mantenduta. 

Azkenaldian zenbait mezu txertatzen saiatzen zara zure koadroetan, hori berria da edo beti egon da hor?

Nire margolanek abiapuntu errealista dute, baina jatorrizkoa, ez da fotoerrealismoa, hori aldaera bat da. Errealismoak, jatorriz, errealitatea irudikatu nahi zuen. Hori egin daiteke teknika ezberdinekin. Berez, ideia eleberri frantsesentzat asmatu zen eta aldaketa sozialekin bestelako diziplinetara egin zuen salto. 

Material berriek, burgesiak eta industrializazioak sortu zuten jendeak interes gehiago izatea une horretan gertatzen ari zen horretan, iraganean baino. 
Nire margoak, hortaz, hortik  sortzen dira. Eguneroko bizitza irudikatu nahi dut eta hori izan daiteke bi lagunen arteko solasaldia edo gertakaria; Gazan bonbardaketa, sute bat, Prestigearen hondoratzea…

Zentzu horretan, interesa pizten dit kalean topatzen dudan irudi batek edo hedabidetan oihartzuna izan duen zerbaitek. 

Hedabidetan agertutako albiste asko bilakatu dituzu koadro?

Nik nahiago dut nire argazkiak egitea eta hortik ateratzea ideiak. Argazki makina batekin egiten ditut paisaia irudiak. 

Esaterako, New Yorkera noa, helikoptero batetik egiten diot argazkia, kaleetatik ibiltzen naiz, milaka argazki egiten ditut eta horien artean hautaketa egiten dut. 

Hedabideen aldetik, Googlen bilatzen ditut Ukraina edo Mariupoleko irudiak, baina ez dutenez kalitate handirik, saiatzen naiz nire teknikaren aldetik jartzen falta dena. 

Orain Mariupoleko argazkiak hartzen ari naiz. Bere garaian Prestigeari buruz egin nuen sorta. Argazkiak txarrak ziren, egunkarietatik ateratakoak, baina irudi traszendenteak egiteko balio zuten.

Ibilbide luzea eta arrakastatsua izan duzu, erronkak dituzu oraindik?

Erakusketak egin ditut hainbat aldiz eta orain egin behar baditut, ba egingo ditut, jakina, nire lana delako, baina hasieran kitzikagarria zena, jadanik ez da horrenbeste.

Nire bizitza mugatuagoa da eta gehienbat da nire estudioa, margotzea eta musika. Hortaz, nire bizitza egiten dut, margotzen dut eta saiatzen naiz hobeagoa izaten egunero eta nire zirkuitua mantentzen. 

Harritzekoa da Artziniegan, herri txikia izanik, hainbeste nazioarteko margolari egotea, azalpenik dauka horrek?

Alde batetik kasualitatea da, eta bestetik egoerak sortutako errealitatea. Ni Bilbokoa naiz eta hona etorri nintzen behar nuelako. Hasi nintzen nire etxean margotzen eta bi metroko koadroak eskaileretatik igotzea ez zen erraza. Gero estudio batera joan nintzen eta handik eboluzionatu nuen.

Horrez gain, diruaren kontua dago. Oso zaila da Bilbon hemen daukadan estudioa izatea. Bestelako abantailak badaude, adibidez, kamioi bat etor daiteke koadroen bila arazorik gabe. Arrazoi praktikoa da.

Dena den, egia da margolari batzuk gaudela Artziniegan eta tribua sortu dugula azkenean. Lagunak gara eta elkar kutsatzen dugu, hainbat talde artistikok bezala.

Herrian ezagutu dugu elkar, harremana izan dugu eta nolabaiteko taldea osatu dugu. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide