Erakusketa berria atondu dute Artziniegako Santxotena Museoan. 1.000 panpin baino gehiagoko bilduma dago ikusgai, Nostalgia baten esnatzea (Despertar de una Nostalgia) izenburupean.
Teresa Lafraguak atondu du erakusketa. Bere hitzetan, “milaka urtetako” historia dute panpinek, “papiroz, lihoz edota marfilez eginikoak topatu baitira Egipto, Erroma edota Grezia bezalako lekuetan”.
Hala ere, bildumako pieza guztiak dira modernogoak, XIX. mendetik aurrerakoak. Lafraguaren hitzetan, garai horretan igaro ziren panpinak “luxuzko objektuak” izatetik “jostailu herrikoiak” izatera, “industrializazioaren eraginez”.
Gauzak hala, XX. mendean sortutako hainbat panpin entzutetsu ikusi daitezke museoan: Mariquita Perez, Barbie, Nancy edota Nenuco, besteak beste. Askotariko materialez eginiko piezak daude ikusgai: portzelanazkoak, harrizko kartoizkoak, bakelitakoak, zeluloidezkoak, arto-hostozkoak, oihalezkoak, artilezkoak, mache paperezkoak, egurrezkoak, plastikozkoak edota feltrozkoak.
Erakusketa honekin, bisitariak “haurtzarora itzultzea” nahi du Lafraguak, “bost kontinenteetako panpinen bidez”. Horri lotuta, jendea harrituta ateratzea espero du museoko arduradunak.
Irailaren 10era arte ikusgai
Bilduma irailaren 10era arte egongo da ikusgai, asteburetan. Larunbatetan 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etatik 19:30etara. Igandean, aldiz, goizeko txanpan soilik egongo da zabalik.
Hala ere, aukera dago ordutegi horietatik kanpo ere bisitatzeko, aldez aurretiko hitzordua hartuz. Horretarako, tlafragua@santxotena.eus helbidera mezu bat bidali edo telefonoz deitu behar da (945 396 664 / 605717857). Informazio gehiago topatu daiteke museoaren webgunean.
Xabier Santxotenaren lanaren erakusleihoa da bere abizena daraman museoa. Eskultorearen figurek osatzen dute espazioko erakusketa iraunkor bakarra, baina beste bilduma batzuen behin behineko aterpea ere bada. Jaiotzen erakusketa da horren adibide, urtero antolatzen dena, neguan. Horrez gain, aurten 62 artisten 81 margolan egon dira ikusgai, ekainera arte.