Goma Bi kuadrilla arduratuko da Artziniegako aurtengo jaietako pregoia irakurri eta txupinazoa jaurtitzeaz. Hala jakinarazi du jai batzordeak, kuadrilla horrek eginiko ibilbide historikoa goraipatuta. “Kuadrilla honek 1992 eta 1993. urteetan antolatu zituen lehen aldiz Artziniegako jaiak, nahiz eta lehenago ere laurogeiko hamarkadaren erdialdetik futbito txapelketa klasikoa eta haurren eguna antolatzen zituen”, azaldu dute, “ordutik, gure jaietan presente egoten jarraitu du eta jarraitzen du, modu aktiboan antolatuz edo parte hartuz”.
Bonbonen lasterketa da Goma Biko kideek antolatzen duten jarduerarik ezagunena, jaietako ikurretako bat bilakatu dena. Hain zuzen, 30 urte beteko ditu lehiaketa horrek aurten. Baina beste hainbat ekimenen atzean ere egon dira, jai batzordeko kideek nabarmendu dutenez: “Igelaren tirada, lehen baratxuri zopa 1992an, lehen aldiz kuadrillen afaria sartu zuten egitarauan, edo duela hiru hamarkada Terencio eta Tomasa erraldoiak berreskuratu zituzten kalejiretara itzul zitezen”.
Goma Bi pregoilari izanda, herrian aktibo jarraitzen duten "kuadrilla historiko guztiei" egin nahi diete omenaldia
Jaien antolatzaileen ustez, Goma Bi pregoilaria izatea ez da kuadrilla horri egiten zaion omenaldi hutsa izango. “Urteak igaro arren jai-izpiritua oraindik bizirik duten kuadrilla historikoei” eginiko aitortza izango da.
Irailaren 1ean hasiko dira Artziniegako jaiak. Egun horretako iluntzean irakurriko dute pregoia Goma Biko kideek, udaletxe zaharreko balkoitik.
Goiko argazkietan ikusi daitezke Goma Bi kideen antzinako hainbat irudi.