ERREPORTAJEA

Playback lehiaketa; Artziniegako herritar guztiak kantuan batzen dituen hitzordua

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko ira. 1a, 08:00

Playback lehiaketa jaietakoe kintza nagusietako bat bilakatu da. / Aiaraldea.eus

Playback lehiaketaren XI. edizioa ospatuko dute aurten Artziniegako jaietan. Herritarrek gogoz itxaroten duten hitzordua da, eta prestatutako ikuskizunen mailak eta kuadrillen arteko lehia estuak agerian uzten du jaietako ekintza soil bat baino gehiago dela lehiaketa hau.

Gogotsu itxaroten diote Artziniegako herritarrek jaietako larunbat gauari. Ez dute rock banda handiak kontratatzeko beharrik, musika eskaintza oparo eta anitz batez gozatu ahal izateko. Herritarrak eurak dira musika izarrak.
Duela ia hamairu urte otu zitzaion ideia Encina Arrazuriari, Iñigo Gomez alkate ohiarekin batera. “Gordexolako San Kose jaietan ikusi genuen Playbacka lehenengo aldiz, oso ideia ona iruditu zitzaigun. Jende pilo batek hartzen zuen parte, eta oso giro ona zegoen. Artziniegan ere horrelako zerbait antolatzeko grina piztu zigun”, azaldu du Arrazuriak.

Eskema sinplea da, jai-kuadrillek abesti bat hautatzen dute eta hura playbackean abestea da gakoa. Ahalik eta eszenaratze hobea, orduan eta irabazteko aukera handiagoak. Guztiak puntuatzen du: janzkerak, koreografiak, abestiarekiko fideltasunak… Urtez urte gero eta landuagoa da talde parte-hartzaileen taularatzea, eta langa oso goian kokatu dute. Montajea ere geroz eta konplexuagoa da.

“Parte hartzaile guztion artean ezagutzen dugu elkar, herritar orok du playbackean arituko den senide, lagun edo ezagun bat” 

Tematika eta abesti anitzek osatzen dute bi orduz luzatzen den emanaldia. Iazko edizioa adibidetzat hartuta, akelarre erraldoi bat, Las Vegaseko musikal bat, kabaret bat  edota Operacion Triunfoko lehenengo edizioko ‘temazoak’ taularatu zituzten kuadrilla desberdinek. Guztien artean miresmen handiena sortu zuena, ordea, Sister Act pelikulako eszena baten antzezpena izan zen. 

Aurtengo edizioa ere bizia aurreikusten du Encina Arrazuriak: “aurten talde gehiago aurkeztu dira; izan ere, ohikoan aurkezten diren kuadrilla desberdinak talde txikiagoetan banatu dira abesti gehiago taualaratzeko asmoz”. 
Encinaren saltokia da lehiaketaren kuartel nagusia. Bertan egiten da parte-hartzaileen ordena zehazteko zozketa. Talde askok ere, bertan erosten dute atrezzoa prestatzeko materiala.

Aurkezpenari ere mimoa

Playback lehiaketa ez dute soilik kuadrilla parte hartzaileek osatzen. Antolakuntzak ere mimo berezia jartzen dio ekimenari, eta aurkezpen landu eta dibertigarriez osagarritzen dute txapelketa. Idoia Lopez izan da orain arteko hamaika edizioetan parte hartu duen aurkezle nekaezina, soinu mahaitik dena kontrolpean izaten saiatzen den Encinarekin batera. Duela urte batzuk Unai Gondra batu zitzaien aurkezle taldera.

Urtero urtero musikari ezagunak imitatu dituzte. Gauzak horrela, Tina Turner, Elvis Presley, Freaddi Mercury, La Terremoto de Alcorcón edota Beyonce bezalako artistak igaro dira Hiriko Ateko eszenatokitik. Aurten ere zerbait ikusgarria prestatu nahi dute, baina Encinak aitortu duenez, ziurrenik azken egunetan bukatuko dute entseguak egiten.

Arrakastaren sekretua

Playback lehiaketak sortzen duen zirraraz galdetutua, Encina Arrazuriak argi duaka zein den arrakastaren sekretua: “Parte hartzaile guztion artean ezagutzen dugu elkar, herritar orok du playbackean arituko den senide, lagune do ezagun bat”. 

Lotsak alde batera utzi eta auzokide guztien artean une atsegin batez gozatzeko tartea esakintzen du larunbat gaueko iluntzeak. “Erromeria bat baino hobea da, herrikoiagoa eta askoz askoz dibertigarriagoa. Alkatea berea ere igotzen da eszenatokira. Hitzordu garrantzitsua da herrian”.

Hemen ikus daiteke iazko emanaldia osorik:

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide