Artziniegako jaiak ate-joka daude honezkero

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko abu. 31a, 07:00

Garrafa eta bonbona lasterketa antolatzen duen Goma Bi kuadrilla izango da aurtengo txupina jaurtitzearen arduraduna. / Aiaraldea.eus

Bihar lehertuko dira Artziniegako jaiak, iluntzeko bederatzietan. Herritarrek bi asteburuz izango dute egitarau zabal batez gozatzeko aukera.

Gutxi falta da Artziniegako jaiak pizteko. Bihar, iluntzeko bederatzietan, Goma Bi kuadrilla historikoko kideek piztuko dute festen lehenengo suziria, udaletxe zaharreko balkoitik. Une horretatik aurrera bi asteburuz luzatuko da festa hiribilduko kaleetan barrena.

Kuadrillek protagonismo berezia izango dute, eta hainbat aukera izango dituzte euren artean lehiatzeko

Ohikoan bezala, kuadrillek protagonismo berezia izango dute, eta hainbat izango dira euren artean lehiatzeko izango dituzten aukerak: kulero eta galtzontzilo lasterketa, playback lehiaketa, iturritik iturrira kronoeskalada, herri-kirol norgehiagoka... Nola ez, aurtengo pregoilariek antolatutako garrafa eta bonbona lasterketak ere garrantzia berezia izango du.

Musika eskaintza ere ez da faltako; tokiko zein eskualdetik kanpo etorritako musikariak igoko dira Hiriko Atean jarriko duten eszenatokira. Ostiralean Gaualdi Herrikoiak eta Dj Vithyk girotuko dute festen lehenengo gaua. Larunbatean, berriz, Kresala erromeriak emango dio segida XI. Playback lehiaketari.

Asteartean -irailak 5- herriko gazteenek Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin irri, dantza eta kanta egiteko aukera izango dute, 19:00etan Toñin Luengas Frontoian. Irailaren 7an, ordea, La Furiak jarriko dio erritmoa Gazte Egunari, eszenatokia ondo ezagutzen duen Dj Vithyrekin batera. Azkenik, Fito & Fitipaldis taldearen bertsioak egiten dituen Viene y Va taldeak, Dj Blessive, Duo de Txitxo, La Excavadora eta Nonbait erromeria izango dira bigarren asteburua girotzearen arduradunak.

Hemen kontsultatu daiteke Artziniegako jaietako egitarau guztia.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide