Honako hau izan zen Artziniegako Udalak irakurritako testua:
"Duela bi urte eskas, Artziniegako hiribilduaren zazpiehun eta berrogeita hamargarren urteurrena ospatu genuen. Bere historiaz harro dagoen herria da Artziniega, baina baita bere orainaz ere. Iraganari zein etorkizunari begiratzen dion herria gara. Eta etorkizun horren bermea, gurean eta herri txiki guztietan, bat da: bizitasun kulturala eta soziala izatea, eta herritarron zein administrazioen inplikazioa. Adin guztietako pertsonok daukagu zeresana.
Gure bizitzak eta atzetik etorriko direnen bizitzak Artziniegan sustraitzea da herriaren etorkizunaren bermea. Geuk eta etorriko direnek Artziniega bihurtu dezagun bizitzeko eta hazteko leku. Herri egiteko leku. Eta hori dena gure esku dago, jakina, baina berton ditugun zerbitzuak ere funtsezkoak dira. Herri modura hobetzeko balio diguten zerbitzuak, haztea eta hobeto bizitzea ahalbidetzen diguten zerbitzuak, MEREZI ditugun zerbitzuak. Gu guztion zerbitzu publikoak. Horregatik gaude gaur hemen, ezin garelako geldirik egon oinarrizko zerbitzu publiko horietako batzuetan izan diren murrizketen aurrean.
Aste gutxian, are egun gutxian, ikusi dugu nola osasun-etxeko arretan egindako murrizketak berriz ere iragartzen diren, udako abestia balira bezala. Kezkaz ikusten dugu nola egin duen okerrera posta-zerbitzuaren jardunak, erantzunik jasotzen ez dugun bitartean, eta jakin, ondo ez dakigula, posta-bulegoak ere luzaro iraungo duen. Hori gutxi balitz, Arte Gure Ama eskolako zuzendaritzak babesa emateko deia bat egin du, bere lana egiteko orduak murriztu egin dituelako sailak; hezkuntza-proiektua baldintza duinetan kudeatzeko eta garatzeko beharrezko dituzten orduak kendu dizkiete.
Eta ez, ezin dugu onartu honek konponbiderik ez izatea. Ezin dugu onartu hau atzerabiderik gabeko zerbait izatea. Ezin dugu murrizketarik onartu guretzat oinarrizkoak diren zerbitzuetan: osasungintzan, hezkuntzan, posta zerbitzuan… eta horregatik gaude gaur hemen. Gaur mobilizatzeko, baina baita datozen egunotan ere. Denok izan gaitezen, jendea izan dadin, gaur hemen zaudetenok izan zaitezten, pauso bat aurrera egiten duzuenok.
Udalak badu bere zeregina, osasungintzako, hezkuntzako edo posta zerbitzuko profesionalek badaukate berea, baina Artziniegako jendearen ardura da burua altxatzea eta berea dena defendatzea. Horretarako balio behar du gaurko ekitaldiak. Gure ahotsa entzunarazteko. Entzun gaitzaten.
Horregatik gaude gaur hemen, hitz egiteko, koordinatzeko, ardurak hartzeko eta mobilizatzeko Hau guztion ardura delako. Kalitatezko zerbitzu publikoen alde.
Batek behin izan zuen bezala, “edo denok batera salbatuko gara, eta nor bere aldetik hondoratu”.
Gure txanda da".
Argazkiak: Alberto Martinez Gutierrez Barquin