EGITARAU OSOA

Artziniegako jaiak, uda luzatzeko 10 eguneko festa

Oihane Ozaeta Fernandez 2024ko abu. 13a, 16:40

Artziniegako jaietako Arteko zelaiko jaitsieraren iazko irudi bat. / Aiaraldea.eus

Abuztuaren 30etik irailaren 8ra ospatuko dira aurten Artziniegako jaiak. Hamar egunez adin guztietarako ekintzak antolatu dituzte jai batzordeak, kuadrillek, eta herri osoak, oro har.

Edgar Hernandez Artziniegako jai batzordeko kideak Aiaraldea Komunikabideari esan dionez, prestaketa lanetarako asanblada irekiak egiten ibili dira nahi duenak parte hartu zezan, eta lan talde bat osatzen saiatu dira ere lanak eta ardurak banatzeko. Izan ere, orain bi pertsona daude jai batzordean, eta jendea bilatzen saiatzen ari dira: “Lantalde horretan jendea sartzea nahi dugu, etorkizunean jaien ardura har dezaten. Nik bost urte daramatzat eta dagoeneko aldaketa behar da, jende gaztea etorri behar da eta beraiek arduratu behar dira. Jende gazterik gabe ez dago jairik”.

"Jende gaztea etorri behar da eta beraiek arduratu behar dira. Jende gazterik gabe ez dago jairik"

Abuztuaren 30ean, ostiralean, hasiko dira jaiak. Aurten, Artziniega Museoa kudeatzen duen Artea Etnografia Elkartea izango da jaietako pregoilaria, 40. urteurrenaren testuinguruan. 21:00etan izango da txupinazoa, Goiko Plazan. Aurretik, 18:00etan, txupinazo-aurrea egongo da LaMoscaGao-ren eskutik. Gauean, ohikoa den kulero eta galtzontziloen lasterketa egingo da Herriko Atetik, eta DJak emango dio bukaera jaien lehenengo egunari. Gainera, 20:15ean, eraso sexisten aurkako gune morea egongo da Goiko Plazan.

Aurten, Artziniega Museoa kudeatzen duen Artea Etnografia Elkartea izango da jaietako pregoilaria, museoaren 40. urteurrenaren testuinguruan.

Abuztuaren 31a, larunbata, egun handia izango da. Izan ere, egun horretan egingo da bazkari herrikoia, eta baita XXX. Bonbonen Munduko Lasterketa, XVI. Garrafoi Lasterketa eta  XII. Playback Lehiaketa ere. Edgar Hernandezek Aiaraldea Komunikabideari azaldu dionez, jendeari gehien gustatzen zaizkion ekimenak playback-a eta bonbonen lasterketa dira: “Urte asko daramatzagu playbacka egiten eta urtetik urtera gero eta jende gehiagok parte hartzen du, aparkalekua bete egiten da. Bestalde, iaz 30 urte bete zituen bonbona lasterketak, eta jendeari gustatzen zaio, goiko kalea betetzen jarraitzen da eta jendeak parte hartzen jarraitzen du”.

“Urte asko daramatzagu playbacka egiten eta urtetik urtera gero eta jende gehiagok parte hartzen du. Bestalde, iaz 20 urte bete zituen bonbona lasterketak, eta jendeari gustatzen zaio”

Igandea, irailaren 1a, meza eta enkantearekin hasiko da, eguerdi partean tabernaz-taberna lasterketa egongo da; eta arratsaldean, berriz, kronoeskalada eta dantzaldia. Berakatz-zopa janak emango dio amaiera egunari.

Astelehenean, irailaren 2an, Herriko Mus Txapelketa izango da ekintza bakarra, frontoian, 16:00retan.

Umeen eguna ospatuko da asteartean, irailaren 3an. Puzgarriak, bazkaltzeko makarroiak, apar festa, Yogurinha Borovaren ikuskizuna, txokolatada eta frontenis txapelketako finalerdiak egongo dira.

Asteazkenean, irailaren 4an, berriz, nagusien eguna izango da. Bazkaria, bingoa eta swing kontzertua egongo dira.

Ostegunean, irailaren 5ean, gazteak izango dira protagonista. Mendi martxa, poteoa, bazkaria, herri-jokoak eta DJa egongo dira.

Kirola eta kuadrillak nabarmenduko dira ostiralean, irailaren 6an. Frontenis eta artzikirol txapelketetako finalak eta areto futboleko partida antolatu dira, eta baita kuadrillen afaria ere. Gauean, berriz, Los Inhumanos taldeak kontzertua eskainiko du. Edgar Hernandezek azaldu duenez, aurten gazteentzat ez den kontzertu handi bat ere ekarri nahi dute, izan ere, adineko jendea ere etortzera gonbidatu nahi dute, ez bakarrik gazteak. 

Irailaren 7an, larunbatean, herri bazkaria, Arteko zelaitik jaitsiera, esku pilota partidua, Julen Axperen ikuskizuna, La Basuren kontzertua eta DJ Egoitza egongo dira.

Jaiak behar bezala agurtzeko, irailaren 8an, igandean, tortilla eta marmitako txapelketa, txirrindularitza lasterketa, herri kirolak, odoloste dastaketa, kontzertua eta traka finala egongo dira, besteak beste.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide