“Kuadrillarik gabe ezingo litzateke jaien egitaraua egin”

Oihane Ozaeta Fernandez 2024ko abu. 30a, 07:10

Bost urte daramatza Edgar Hernandezek jai batzordean. / Aiaraldea.eus

Gaurtik (abuztuak 30) irailaren 8ra ospatuko dira aurten Artziniegako jaiak. Bederatzi egunez adin guztietarako egun eta ekintzak antolatu dira, baita sorpresaren bat ere. EDGAR HERNANDEZ jai batzordeko kideak xehetasunak eman ditu.

Jaiei esker uda luzatu egiten da Artziniegan.

Bai. Aurten abuztuaren 30ean hasiko dira, oraindik haurrek ez dute eskola hasi, beraz, aste osoa dugu antolatuko diren ekintzez gozatzeko.

Prestaketa orain arte zelakoa izan da?

Asanblada irekiak egiten aritu gara nahi duenak parte hartu zezan, eta lantalde bat osatzen saiatu gara ere lanak eta ardurak banatzeko.

Egun, zenbat kide zaudete jai batzordean?

Orain bi pertsona gaude. Jendea bilatzen saiatzen ari gara, eta horregatik sortu dugu lantaldea, haiei jaietako zeregin batzuk emateko. Lantalde horretan jendea sartzea nahi dugu, etorkizunean jaien ardura har dezaten. Nik bost urte daramatzat eta dagoeneko aldaketa behar da, jende gaztea etorri behar da eta beraiek arduratu behar dira. Jende gazterik gabe ez dago jairik.

"Lantaldean jendea sartzea nahi dugu, etorkizunean jaien ardura har dezaten. Nik bost urte daramatzat eta dagoeneko aldaketa behar da, jende gaztea etorri behar da eta beraiek arduratu behar dira"

Zein da jaietako ekintzarik gogokoena herritarren artean?

Hemen jendeari gehien gustatzen zaizkion ekimenak play-backa eta bonbonen lasterketa dira. Urte asko daramatzagu play-backa egiten eta urtetik urtera gero eta jende gehiagok parte hartzen du, aparkalekua bete egiten da. Bestalde, iaz 20 urte bete zituen bonbona lasterketak, eta jendeari gustatzen zaio, goiko kalea betetzen jarraitzen da eta jendeak parte hartzen jarraitzen du.

Kuadrillek protagonismo handia izan ohi dute jaietan.

Hemen kuadrilla guztiek jarduerak egiten dituzte, eta aspalditik antolatzen dituzte jarduerak. Prakanasaiak kuadrillak, adibidez, kulero eta galtzontzillo lasterketa antolatzen du; eta Goma Biko kuadrillak, berriz, tabernaz taberna eta bonbona lasterketa. Kuadrilla bakoitzak, gainera, galtza eta kamiseta propioak ditu. Kuadrillarik gabe ezingo litzateke jaien egitaraua egin.

Eskaintza zabala prestatu duzue, adin guztietako nahiak uztartuko dituena.

Aurten gazteena ez den kontzertu handi bat ekarri nahi genuen, eta Los Inhumanos taldearekin harremanetan jarri gara. Adineko jendea ere etortzera gonbidatu nahi dugu, ez bakarrik gazteak. Horrez gain, gazte eguna eta txiki eguna ditugu beste urteetan bezala. Finean, adin guztietarako egunak.

Zer nabarmenduko zenuke aurtengo egitarautik?

Los Inhumanos nabarmenduko nuke bereziki. Ez dira inoiz inguru honetan izan, eta jendea erakar dezakeen taldea dela uste dut, jende askok ezagutzen duena. Pilota partidak ere aipagarriak dira; duela gutxi erretiratu diren inguruko pilotarien pilota partidak izango dira. Eta aurten Julen Axpe ere etorriko da. Horiek dira berrikuntzak, aurreko urteetako esentzia galdu gabe.

Zelakoa da jendearen parte-hartzea jaietan?

Jendea inplikatu egiten da jaietan. Otorduak daudenean, jendeak mahaiak eta aulkiak jartzen ditu, bakoitzak berea jasotzen du… Jaiak herrikoiak dira, eta jendea oso parte-hartzailea da. Jenderik gabe ezin da jairik egin. Lan asko du jai batzordeak eta jendea beti laguntzeko prest dago.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide