Artziniega Museoak piztuko du suziria, 40. urteurrenaren testuinguruan

Aitor Aspuru Saez 2024ko abu. 30a, 12:00

Museoko historian parte hartu duten hainbat kide: Benjamin Respaldiza, Paki Ofizialdegi, Jose Luis Zurbitu, Teresa Lafragua eta Imanol Aretxabala. / Aiaraldea.eus

Artziniega Museoa kudeatzen duen Artea Etnografia Elkartea izango da aurtengo jaien pregoilaria eta, historia luzea badute ere, pregoi laburra egingo dutela zin egin dute.

Kultura proiektu batek 40 urte betetzen dituenean, pareko ospakizunak merezi ditu. Hori egiten ari da aurten Artziniega Museoa, zeinak hamaika ekintza berezi prestatu dituen lau hamarkadeko efemeridea goraipatzeko. Hala ere, koroaren azken harri bitxia falta zitzaion eta Artziniegako Jai Batzordeak oparitu dio, hiribilduko jaietako pregoilariak izango baitira Artea Etnografia Museoko kideak.

Lehenik eta behin, taldeko kideek aurreratu dute pregoi laburra irakurriko dutela eta gero gogoratu nahi izan dute betetako ibilbidea ezinezkoa izango litzatekela boluntarioek zein bazkideek egindako ekarpenik gabe. Horri esker heldu da proiektua egun duen mailara eta herriaren kultura jardueren ardatza izatera.

Ezina ekinez egina

Edonola ere, egungo egoerara heltzeko bidea luzea eta bihurgunez beterikoa izan da, inurri lan hutsa. Dena 1980ko hamarkadaren hasieran abiatu zuen Benjamin Respaldiza apaizak. Ikusita Artziniega sekulako eraldaketa unean sartuta zegoela, esku hartzea erabaki zuen. Hain zuzen, landa eremura lotutako gizartea izatetik izaera industriala garatzera igarotzen ari zen herria eta bidean ondare handia galtzeko arriskuan zegoela sumatu zuen.

Hori ekiditeko, hainbat lanabes eta tresna biltzeari ekin zion, gazte talde baten laguntzaz. Hasieran herritarrek eurek ez zuten oso ondo ulertzen egitasmoaren xedea, baina laster onartu eta aitortuko zuten. Guardia Zibilaren susmoa ere piztu zuen jende hori guztia ikusteak objektuak biltzen santutegian eta behin baino gehiagota bisitatu zituzten.

Ibilbide luzea egin duten arren, taldeko kideek aurreratu dute pregoi laburra irakurriko dutela, eta eskerrak eman dizkiete museoaren 40 urteko ibilbidean modu boluntarioan lagundu duten herritar guztiei

Biltegitik museora

Ondare historiko eta etnografikoa gordetzea, dena den, lehen fase nekeza baino ez zen. Zaila izan zen, baina erronka konplikatuagoa zen pieza horiek guztiak erakusteko tokiarekin eta ereduarekin asmatzea, biltegi hutsa baino gehiago izateko.

Aukera egun dagoen eraikinean sortu zen, baina erditzea ez zen erraza izan. Hain zuzen, gaur museoa hartzen duen etxea nahiko txikituta zegoen 1985an. XVIII. mendetik 1970eko hamarkadara arte kongregazio erlijioso baten egoitza izan zen eta gero eskola publikoa. Hala ere, 1980ko hamarkadan hutsik geratu zen eta modu batean edo bestean gero eta okerrago zegoen.

Udalak berreskuratzea zuen buruan eta asmo horrek Artea Etnografia Elkartearen helburuekin bat egin zuen. Museoa han ireki behar zen, baina horretarako obra handiak eta bide burokratiko izugarri luzea ibili beharra zegoen. 

Oztopoak oztopo, 2004an ireki zituen ateak Artziniega Museoak eta geroztik hamaika erakusketa, jarduera, hitzaldi, bisita gidatu eta tailer egin dituzte bertan. Une kritikoak bizi izan ditu eta, adibidez, 2018an etenaldia egin behar izan zuen behartuta, finantzazioa ez baitzen nahikoa.

Gertakariak bere alde txarra eta ona izan zuen. Okerrena izan zen ziurgabetasuna, ez baitzegoen argi proiektua berpizteko baliabideak egongo ziren. Alderdi ona izan zen herriaren mobilizazioa eta babesa, eta horri esker Arabako Foru Aldundiak eta Udalak akordioa sinatu zuten museoaren biziraupena bermatzeko.

Inoiz baino osasuntsuago

40 urte betetzeak kalterik ez diola egin erakusten dute aurten antolatutako jarduerek. Zerrenda luzea osatzen dute eta une benetan bereziak ekarri dituzte. Esaterako, ohiko udako solstizioaren ospakizuna, zeina Korrontziren kontzertuarekin alaitu zuten, besteak beste.
Hurrengo geltokia argi dago, Artziniegako jaietako txupinazoa. Han egongo dira Artea Etnografia Elkarteko kideak eta han espero dituzte herritarrak eurekin.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide