40 urte bete zituen Artziniega Museoak iaz eta ekintza andana antolatu zituen horretarako. Arrakastatsuenen artean egon zen XX. mendeko jantzien desfilea eta, hori ospatzeko, museoa kudeatzen duen elkarteak erabaki du bideo eta argazki emanaldia egitea gaur 19:00etan. Behin amaituta, aukera egongo da norberak bere iritzia emateko.
"Hasieran asmoa zen desfilean parte hartu zuten boluntarioekin egitea, baina gero erabaki genuen jende orori irekitzea", aipatu du Paki Ofizialdegik. Museoko kideak azpimarratu du ikusgai egon ziren pieza ia guztiak (pasa den mendeko bilakaera irudikatzen dutenak) museoko bildumaren parte direla, baina gehienak ez daudela egunerokoan bistan, ez baitago leku nahikorik.
Horrez gain, Ofizialdegik gogoratu du kanpo ekarpenak ere izan zituztela, Balenciagako bi jantzi tartean.