Ekainaren 28an Erretes Tudelako bi elementu kulturalen inaugurazioa egin zuten: arimen gurutzearena eta baselizarena. Benjamin Respaldiza apaizak eman zuen horien berri, gorabeheratsua izan baita bien ibilbidea.
Alde batetik, ermitaren teilatua berritu zuten duela urtebete. Horretarako, bide katramilatsua egin behar izan dute. Izan ere, Gasteizko Gotzaingoak ez zuen gastua bere gain hartu nahi eta ekimenaren bultzatzaileek Artziniegako Udalaren bitartez egikaritu dute berritze prozesua.
Hala ere, ez da erraza izan. 2022an dirulaguntza deialdian parte hartu zuten, baina ez zuten babes ekonomiko nahikoa lortu. Ondorioz, 2023an berriro parte hartu zuten deialdian eta orduan bai, 60.000 euroko ekarpena lortu zuten. Udalak ordaindu zuen falta ziren 30.000 euroak.
Josune Arza herritarrak azaldu du herriak berak kudeatu duenez dena, hemendik aurrera baseliza ez dela izango Elizarena, Erretes Tudelako monumentu artistikoaren parte baizik.

Arimen gurutzea
Iazko lanen ostean, 2025ean Arimen gurutzea ordezkatzeari ekin diote. Elementu hori duela zenbait urte lapurtu zuten. Egurrezko gurutze landua zen eta herrian ez dakite noizkoa zen, baina oso polita eta estimatua zen bertakoentzat.
Bere tokia betetzeko, Benjamin Respaldizak lehengaiak lortu ditu eta Alberto Espejo herritarrak egin du gurutze berria. Lan guztiz boluntarioa izan da.