Zer da aurtengo Artziniegako jaietarako prestatu duzuena?
Unai Carretero: Aspektu orokorrean urteroko bidetik jarraitu dugu aurten ere: Bonbona lasterketa, kronoeskalada, play-back lehiaketa… Kontzertuak antolatu ditugu jaietako ostiral eta larunbatetarako. Bi erromeria datoz: Oxabi eta Zutik. Hoffe dator gurera ere, jaietako bigarren larunbatean. Horrez gain Aiaraldeko Dardara Sound Sistem edota Aldakan taldeak arituko dira ere.
Alba San Vicente: Hombres G taldearen tributo banda bat ekarriko dugu baita. Artziniegako Inbigu tokiko taldeak girotuko du marmitako eta tortilla txapelketaren eguna. DJak egongo dira ere egunero. Aurten emakumeen presentzia indartu nahi izan dugu, bai oholtza gainean, baita jaietako beste ekintzetan ere.
Jai Batzordea indartu egin duzue aurten.
U.C.: Esango nuke hori dela aurtengo titular nagusia: Behingoagatik oso talde polita osatu dugu Jai Batzordearen bueltan aurtengo festak antolatzeko. Kuadrilla guztietako, edo ia guztietako, 20 eta 30 urte arteko pertsona bana dago taldean gutxienez. Duela urteak ez zegoela hain talde handi eta potenterik jaien antolakuntzaren atzean.
A.S.V.: Aurreko edizioetan hiruzpalau lagunek hartu izan dute jaien antolakuntzaren ardura. Aurten kolaborazio izugarria egon da kuadrilla guztien artean.
Nola antolatu zarete ikasturtean programazioa osatu eta jaiak prestatzeko?
A.S.V.: Urtarrilean ekin genion biltzeari. Hasieran asteroko bilerak egiten genituen programazioa definitu arte. Aurten, gainera, aurrekontu handiagoa jasotzeko aukera izan dugu, eta, horri esker, gauza gehiago eta hobeak antolatzeko tartea izan dugu.
U.C.: Behin programazioa lotuta, jaietako eginbeharrak antolatzea izan da hurrengo lana. Aipatu bezala bai kuadrillek baita herriko elkarteek ere prestutasun handia erakutsi dute jaietan ekarpena egiteko, eta horrek asko erraztu ditu gauzak.
“Jai Batzorde handiagoan ahots gehiagok dute kabida, eta horri esker programazioa ere anitzagoa da”
Uste duzue Jai Batzordeko haize fresko horrek guztiak isla izango du jaietako egunetan?
A.S.V.: Harrera oso ona izan du Jai Batzordearen indartzeak herrian. Uste dut inoizko inbolukrazio eta elkarlan handiena dagoela aurten, eta horrek azkenean eragin zuzena izango du jaietan. Bereziki kontzertuetan igarriko da aurpegi berriketa hori. Azken urteekin alderatuta berritasun ugari datoz herrira, ospe handiagoko musika-taldeak. Herritarrak ilusioz beterik ikusten ditugu.
U.C.: Jai Batzordea handiagoan ahots gehiagok dute kabida, eta horri esker programazioa ere anitzagoa da.
Zer inplikazio du Jai Batzordeko kide izateak?
A.S.V.: Azken asteetako bileretan ordutegi guztien planifikazioa ari gara egiten. Esaterako, musika talde bat datorrenean eta soinu-froga egin behar duenean batzordeko norbait egon behar du eurekin. Ez hori bakarrik, beste hamika lan daude egiteko jaietan: odolosteen bila joan, txosna kudeatu… Ardura horiek guztiak banatzen gabiltza orain. Zorionez, hainbeste kide egonda, errazagoa da lanak banatzea.
Zer dute berezia Artziniegako Jaiek?
A.S.V.: Kuadrillak dira jaietako ekintza gehienen atzean dauden eragileak, eta horrek parte-hartzea asko bultzatzen du. Niretzat Arteko landan egiten den bazkaria eta “bajada” dira ekintza berezienak. Herri guztia elkartzen da bertan, eta oso berezia izaten da.
U.C.: Gure jaiak dira finean. Akaso ez dira jairik onenak izango, baina gureak dira, eta horregatik ditugu gustukoen. Adinean gora egin ahala, geroz eta bizitza gehiago egiten dugu herritik kanpo, Artziniegako jaiek berriz ere gure artean elkartzeko aukera eskaintzen digute.