Tubacex Taylor Accesorioseko langileek greba abiatuko dute hitzarmen kolektiboaren eta soldata igoeraren alde borrokatzeko. Izan ere, duela hamairu urte berritu zuten azkenengo hitzarmena, eta hamabost daramatzate soldatak izoztuta.
28 langilek osatzen dute Tubacexek Artziniegan duen lantegiko plantilla eta, ELAk azaldu duenez, grebara joko dute "negoziazio bide guztiak agortu ostean". Langile erakundearen arabera, "urte hauetan guztietan zehar, beharginek haien konpromisoa, profesionalitatea eta erantzukizuna erakutsi dute eta enpresaren hazkundeari eta egonkortasunari egin diote ekarpena, une zailenetan ere".
Orain mobilizatzeari ekingo diote, baina azaldu dute elkarrizketarako eta gatazkari amaiera emango dion akordioa lortzeko borondatea dutela langileek, "etorkizunean lan-baldintza egonkorrak bermatzeko" bidean.
Aurreko mobilizazio zikloak
Oraingoa ez da Tubacex Taylorreko langileek abiatzen duten lehenbiziko mobilizazio zikloa. Izan ere, 2018an sei eguneko greba egin zuten, lan-hitzarmenaren alde hori ere, eta mobilizazio ugari egin zituzten.
2024an ere egin zituzten lanuzteak, eta orduan aurkeztu zien lehen aldiz zuzendaritzak proposamen bat. Hautsak harrotu zituen erantzunak, ordea, absentismoarekin lotu baitzuten soldata-igoera.