Kutxabankek 45 egunez itxiko du Artziniegako bulegoa eta merkatariek salatu dute kalteak sortuko dituela horrek, jaietan bereziki

Aitor Aspuru Saez 2026ko uztailaren 24a

Artziniegako Kutxabanken bulegoa. / Aiaraldea.eus

AEME tokiko merkatarien elkarteak exijitu dio entitate finantzarioko zuzendaritzari atzera egitea erabakian.

AEME Artziniegako merkatarien elkarteak oharra zabaldu du salatzeko Kutxabankek 45 egunez itxiko duela hiribilduan duen bulegoa. Horrek, taldearen iritziz, kalteak ekarriko ditu arlo anitzetan.

Izan ere, itxialdia herriko jaietara luzatuko da eta arazoak ekarriko dizkie herriko negozioei "eguneko kutxen diru sarrerak egiteko, txanponak aldatzeko eta intzidentziak konpontzeko".

Horrez gain, AEMEk uste du 45 egunez zerbitzurik ez ematea eragina izan dezakela ere kutxazain automatikoan, bai barruan dituen bileteak agortuko direlako (bereziki jaietan) edo matxurak gertatu ahal direlako, bisitari eta turistei dirua eskuratzea galarazita.

Azkenik, elkarteak gogoratu du adinekoak bazterketa finantziario egoeran gera daitezkela arrakala digitalagatik, bulegoan bertan behar dutelako laguntza kudeaketak gauzatzeko.

Kutxabankeko zuzendaritzari exijentzia

Gauzak horrela, AEMEk formalki eskatu dio Kutxabankeko zuzendaritzari atzera egitea itxialdiaren erabakian eta arreta duina bermatu dezala Artziniegan.

Bulegoen itxierek polemika ekarri dute Aiaraldera

EAEko kutxak fusionatu eta pribatizatu zirenetik, ugariak izan dira herritarrek salatu dituzten arazoak Kutxabankekin. Izan ere, hainbat udalerritako egoitzak itxi edo bulegoen kopuruak murriztu dituzte. 

Artziniegan, esaterako, 2020an udako itxialdiaren kontra agertu ziren, 2017an Okondo eta Aretako bulegoek ere utzi zioten zerbitzua emateari eta mobilizazioak deitu zituzten. 2021ean, aldiz, Laudio igaro zen hiru bulego izatetik bakarra edukitzera eta horrek ilarak eta protestak sortu zituen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide