Ekainaren 21ean ireki zituen ateak Kutxabanken Laudioko bulego berriak, Alberto Acero plazan. Ordutik hona jende ilarak eguneroko ogia bilakatu dira.
Izan ere, bulego berria irekitzearekin batera, Zumalakarregi eta Nerbioi kaleko sukurtsalak itxi ditu Kutxabankek, eta bi toki horietan zeuden kutxazainak ere kendu ditu.
Gauzak hala, Alberto Acerokoa bilakatu da bankuak Laudion duen arreta puntu bakarra, Latiorro eta Aretako kutxazainek funtzionatzen jarraitzen duten arren.
Azken urteetako joera
Laudioko bi bulegoen artean eginiko fusioa ez da salbuespena. Azken urteetan Kutxabanken zenbait egoitza itxi dira eskualdean, eta hainbat aldiz geratu dira agerian banku horrek Aiaraldeko herritarrei eskaintzen dien zerbitzuaren gabeziak.
Laudion, Vital Kutxak eta BBKk bost lokal izatetik, bakarra mantentzera pasa da Kutxabank urte gutxitan. 2016an itxi zuten Latiorroko bulegoa, eta handik urtebetera bide bera jarraitu zuten Areta eta Okondoko surkurtsalek. Artziniegako bulegoa ere denbora luzez egon zen itxita COVID-19aren pandemia hasi zenean. Aurrez aurreko zerbitzua berreskuratu zuen gero, baina murrizketa nabarmenak ezarrita.
Kutxabankek 1.426 langile kaleratu eta 310 bulego itxi ditu guztira azken hamarkadan
Pribatizazioaren osteko bilakaera
2011n batu ziren Vital Kutxa, BBK eta Kutxa, Kutxabank sortuta. Kutxen legera moldatu behar izan ziren horretarako, banku fundazio moduan.
Sindikatuek eta EH Bilduk behin baino gehiagotan salatu zuten horrek “kutxen pribatizazioa” ekarriko zuela, emaitza ekonomikoei lehentasuna emanez zerbitzu publikoa eskaintzearen aurrean.
Kutxabankek berak emandako datuetan ikus daiteke entitateak murrizketa nabarmenak egin dituela sortu zen urtetik. 2012tik iaz arte 1.426 langile kaleratu eta 310 bulego itxi zituen. Horrez gain, 2013tik 2020ra bitartean 239 kutxazain kendu ditu.
Murrizketa latzenak 2012an (kutxen fusioaren osteko lehen urtean) eta 2016an eman ziren, langileei dagokionez. Grafiko honetan ikusi daiteke bilakaera urtez urte:
Joera horretan sakonduko du Kutxabankek, Ahoztar Zelaietaren iritziz. Kutxabank: El saqueo de Euskal Herria liburua plazaratu zuen kazetariak 2015an. Bertan azaltzen duenez, banku fundazioak “birtualizazioaren bidea” hartu du, eta geroz eta gehiago funtzionatuko du Internet bidez, “mega-denda bat izango balitz bezala”.
Protestak
Horrez aurrean, hainbat protesta dinamika abiatu dituzte Aiaraldeko herritarrek azken urteetan. Aretako bizilagunek plataforma sortu eta hainbat mobilizazio antolatu zituzten bertako bulegoa itxi zutenean, eta Artziniegako bizilagunek ere protestei ekin zieten iaz:
Okondoko alkateak, bere aldetik, gutuna bidali zion Kutxabanki duela urtebete, herrian funtzio anitzeko kutxazain bat jartzea eskatzeko, makinen funtzionamendua “oso txarra” dela argudiatuta.
Eskualdeko udaletan ere hainbat aldiz landu da gaia, mozioak onartuta. Hala ere, Kutxabankek uko egin dio itxitako bulegoak berriz irekitzeari.
Horrez gain, pentsiodunen mugimenduak ere behin baino gehiagotan aldarrikatu du bankuen aurrez aurreko zerbitzua indartu egin behar dela. Bulegoen aurrean mobilizatu dira hori eskatzeko.