Tradizioaren eta berrikuntzaren arteko oreka lortzea erronka zaila izaten da, eta gako horretan asmatzen saiatzen dabil Artziniegako jai batzorde berria: “herriarentzat aldaezinak diren gauzak bere horretan uzten eta, aldi berean, proposamen berriak txertatzen”. Iaz egin zuten erreleboa, eta gazte belaunaldi batek osatzen du orain taldea: kuadrilla bakoitzeko 20 eta 30 urteko kide bana dago, behintzat.
Egokitzapen urtea izan zen iazkoa, eta hasieran galduta egotearen sentsazioa nabari zela kontatu du Iraia Astarloa batzordeko kideak: “dena zerotik hasi behar genuen eta ez genekien jaiak nola antolatzen ziren”. Zorionekoak izan ziren gazteak, ordea, aurretik antolakuntzan egondakoen laguntza izan baitzuten. Irailaren 5etik 14ra ospakizunez beteriko hamar egun izan ziren artziniegarrentzat eta, oro har, herritarren erantzuna ona izan zen batzorde berriaren iritziz.
Lehen urteko saio erabakigarria gaindituta, ekimen berriak txertatu nahi ditu batzordeak aurtengo jaietan, eta paradoxikoa dirudien arren ekintza berritzaileenak ideatzeko denboran atzera begira jarri dira.
Pregoilari, bertsolari
Proposamen arriskatu bezain polit batekin heldu diote jaiei hasiera emango dion herritarra hautatzeko auziari: bertso-paper lehiaketa bat deituko dute, eta koplaririk onena izango da pregoia kantatzeko arduraduna.
Pregoiaren gehiegizko luzerak sortzen duen atsekabea, ordezkaria norbaiten nahierara hautatua izateak dakarren eztabaida, eta euskaraz izatea bermatuta ez egoteak bultzatu dute batzordea egitasmoa proposatzera eta, gainera, nabarmendu nahi izan dute aukera oso polita dela herritarrak jaien eragile aktibo sentitzeko.
Testu hau idazten ari garenean, oraindik iragarri gabea da txapelketa herrian, eta zehazteke daude oinarriak. Jendeak nola erantzungo duen, beraz, misterioa da, eta hori da, hain zuzen, batzordearen kezka nagusia: “Parte-hartzea da kezkatzen gaituena. Azkenean, herri txikia da, eta ez dakigu jendea animatuko den ala ez”, azaldu du Astarloak.
Bertso-paper lehiaketak
Ahozko diziplina da nagusiki bertsolaritza: bat-batekotasuna da bertsoaren ezaugarri adierazgarrienetako bat, eta inprobisaziorako gaitasuna bertsolariaren bertutea. Hala ere, XVIII. mendetik aurrera bertsoak paperean jasotzen hasi ziren, eta bertsozaleen artean zabaltzen. Abantaila zekarren horrek, izan ere, kopiatzailerik izanez gero, oihartzuna eta eragina handia zen.
Karlistaldien testuinguruan izan zuten bertso-paperek garapen handia, Bertsozale Elkarteak dioenez, garai horretan errazagoa baitzen aldarriak idatziz zabaltzea, bertso-guduetan baino. Gerrei lotutako gaiez gainera, unean-unean pil-pilean zeuden beste hainbat kontu ere jorratzen zituzten, hala nola gizarteko gertaerak edo norbaiti buruzko bertsoak, izan gorazarre egiteko edo iraintzeko.
1963an, Euskaltzaindiak bertso-paper lehiaketa bat antolatu zuen, garai horretarako ahulduta zegoen ohitura berreskuratu asmoz. Gaur egun, badaude bertso jarri txapelketa ezberdinak eta zenbait komunikabidek ere zutabe gisa argitaratu ohi dituzte.
Ohitura hori berpiztu eta gure eskualdera ekartzeko apustua egingo du, beraz, jai batzordeak, beste herririk ez baitu pregoia prestatzeko horrelako egitasmorik, ez behintzat hemen inguruan. Bertso-paper lehiaketa herrian tradizio bilakatzea nahiko lukete jaien antolakuntzan dabiltzan kideek, pregoilari izan nahiak jendea parte hartzera bultzatu, eta ekimena jaien bereizgarri bihurtu daitekeelakoan.
Euskal jantziak, plazara
Bertso-paper leihaketa ez da Artziniegako jai batzorde berriak aurten dakarren ekintza berri bakarra. Izan ere, herrian sortu berri den euskara elkartearekin batera, jaietan euskararen presentzia sustatzeko ekimenak aurrera eraman behar zirela ondorioztatu zuten.
Euskal goiza antolatuko dute bide horretan, eta euskal kulturarekin lotutako hainbat ekintza pilatu: esku-pilota partiduak, euskal dantzak, trikitilari, panderojole eta txistularien kalejirak… Gainera, euskal jantzi tradizionala janztera animatuko dituzte herritarrak, eskualdeko gainontzeko jaietan ez bezala, kuadrilla bakoitzak praka eta kamisetaz osatutako konjunto festaria baitarama Artziniegan.
“Gustatuko litzaiguke, gutxienez egun batean, jaietako prakak kendu ahal izatea, garbitzeko bada ere!”, dio txantxetan Astarloak. Proposamenak eztabaida sor dezakeela uste duen galdetzean, azpimarratu du aldaketa baino, tradizio baten berpizkundea dela honako hau. Izan ere Arteko Landan egiten den bazkariaren egunean jendea jantzi tradizionala soinean igo izan ohi da.
Galdutako tradizioak berreskuratzeko asmoz heldu da, beraz, jai batzorde gaztea Artziniegako festak antolatzera. Herritarrek gogo beraz erantzuten ote duten ikustea besterik ez da falta.