Ateak ireki ditu Artziniegako Museo Etnografikoak, bi astez itxita egon ostean

Aimar Gutierrez Bidarte 2026ko abuztuaren 20a

Artziniegako Museoa erreferentea da Euskal Herriko museo etnografikoen artean. / Aiaraldea.eus

Gida zerbitzuen esleipen berria gauzatu bitartean itxita egon da Artziniegako Museo Etnografikoa. Orain ateak zabaldu ditu berriro, eta asteazkenetik igandera bitarte bisitatu ahalko da.

Bi astez itxita egon ostean, abuztuaren 19an ireki zituen ateak berriz Artziniegako Museo Etnografikoak. Gida zerbitzuen esleipen berria gauzatu bitartean egon da itxita museoa. Izan ere, uztailean amaitu zen aurreko kontratua, eta Artadi SC enpresari esleitu zaio kontratu berria.

Irekierarekin batera 2027ko apirilera arteko ordutegia ere egin dute publiko. Asteazkenetik igandera bitarte bisitatu ahalko da museoa, 11:00etatik 14:00etara. Larunbatetan arratsaldez bisitatzeko aukera egongo da ere, 17:00etatik 19:00etara.

Artziniegako Udalak azpiegituraz gozatzeko gonbita luzatu die herritar zein bisitariei: "Berrirekitze hau une egokia da gure Museoa bisitatzen jarraitzeko, erreferente etnografikoa baita Artziniega ez ezik Aiaraldeko eskualde osoa bisitatzen duen ororentzat".

Iaz ospatu zuen Artziniega Museoak 40. urteurrena. Baina proiektuaren etorkizunerako mugarri garrantzitsuena 2022ko otsailean jarri zuen. Bi urtez luzatu zen negoziazio prozesuaren ondotik akordioa sinatu zuten Artea elkarteak, Artziniegako Udalak eta Arabako Foru Aldundiak Artziniegako Etnografia Museoaren etorkizuna bermatzeko. Lau urterako akordioa beste lau urtez luzatzeko oniritzia eman zuen Foru Aldundiak iragan abenduan.

Udalak balioan jarri nahi izan du Artziniegako Museo Etnografikoaren "kalitatea eta garrantzia". "Artziniegako Museoa bere espezialitateko euskal museo onena da, bisitariek egunero bisita liburuan uzten dituzten iritziek erakusten duten bezala. Bisitari horien artean, azken urteetan Frantziako Estatuko turisten presentzia gero eta handiagoa nabarmentzen da", adierazi du esleipen berriaren berri jakinarazteko igorritako oharrean.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide