Gaur goizeko Udal Osoko Bilkuran onartu dute Artziniegako Eguneko Arretarako Landa Zentro berriaren exekuzio proiektua. Orain, lehiaketa publikoa abiatuko dute obra egiteko enpresa kontratatzeko.
Hala azaldu zuen Arkaitz San Jose Martinezek atzo Aiaraldea Komunikabidearen Azalera podcastean. Zinegotziak aurreratu zuenez, 180 metro karratu izango ditu espazioak, hainbat txokotan banatutakoa. "60 metro karratu inguruko areto bat izango du bazkaltzeko eta bestelako jarduerak egiteko", azaldu du udal ordezkariak.

Modu horretan, 10 erabiltzaileri zerbitzua ematea espero dute.
Proiektuaren finantziazioari dagokionez, Udalak maiatzean iragarri zuen Aldundiaren eta Espainiako Ministerioaren laguntzak jasoko zituela.
Gaur onartutakoarekin, proiektuari behin betiko bultzada ematea espero du Udalak. Izan ere, proiektuak zenbait atzerapen izan ditu azken urtebetean, EAJk salatu izan duenez.
