Udalerriko bi lursail publiko alokairuko etxebizitzen eraikuntzara bideratzeko asmoa plazaratu du Artziniegako Udalak. Tokiko erakundea Eusko Jaurlaritzarekin dago harremanetan jada egitasmoa garatu ahal izateko.
Hala aurreratu du Arkaitz San Jose Martinezek Azalera podcastean. Zinegotziaren hitzetan, hurrengo bospasei urtetan garatzeko ekimena izango da hori.
Modu horretan, eskualdeko beste udalerri batzuk Jaurlaritzarekin garatutako lankidetza eredura batuko litzateke Artziniega. Elkarlan horren bidez, tokiko erakundeek euren jabetzako lursail eta espazio publikoak lagatzen dizkiote Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailari, honek etxebizitza publikoak eraiki ditzan Vivesa enpresa publikoaren bidez. Amurrion 60 etxebizitza eraiki dituzte modu horretan dagoeneko, eta Laudion beste 64 atontzen ari dira uneotan. Arrankudiaga-Zolloko Udalak, bere aldetik, 2022an sinatu zuen antzeko proiektu bat egiteko hitzarmena Jaurlaritzarekin, baina proiektua ez da gauzapen fasera igaro momentuz.
Valle Etxean, 9-10 etxebizitza
Dena den, Artziniegako Udalak etxebizitzari lotutako beste proiektu bat du une honetan esku artean: Valle Etxearen birgaitzea. Iragan urriaren 13an argitaratu zen Aldundiak 960.000 euro emango dizkiola tokiko erakundeari eraiki hori birgaitu eta alokairuko 9-10 etxebizitza atontzeko. Proiektua esleitzea izango da hurrengo urratsa, San Joseren hitzetan. Gauzak hala, obrak datorren urtean hastea espero du zinegotziak.