Benjamin Respaldiza zendu da, Angolako misiolari artziniegarra

Txabi Alvarado Bañares

Benjamin Repaldiza Artziniegan 2022an jaso zuen omenaldian. / Aiaraldea.eus

Bizitzaren zati handi bat Angolan eta Ekuadorren igaro zuen apaizak, baina ez zuen inoiz galdu Artziniega eta Aiaraldearekin zuzen lotura.

Ostiralean zendu da Benjamin Respaldiza apaiz artziniegarra Angolan, bertan baitzegoen misiolari lanetan. Luandatik Malanjera bidaiatzen zegoen obra baten inaugurazioan parte hartzeko bihotzeko bat eman zionean, Gasteizko Elizbarrutiak azaldu duenez. 

Erakunde erlijiosotik nabarmendu dutenez, artziniegarraren heriotzak samin handia eragin du Gasteizko elizan, eta baita Ekuadorren eta Angolan ere, bi herrialde horietan jardun baitzuen bere ibilbidean zehar. 

Respaldiza 1947an jaio zen Artziniegan eta 1972an bilakatu zen apaiz. Erakunde katolikoko kideek azaldu dutenez, "misioilari espirituak" markatu zuen bere bokazioa hasieratik, pertsona pobretuenen alde eginez. 

Angolan abiatu zuen Respaldizak bere ibilbidea misiolari lanetan, bertako guda zibil betean. 

Gauzak hala, 1973tik 1980ra egon zen Angolan, eta gertutik bizi izan zuen bertako guda zibila. Ekuadorrera joan zen gero. Los Rios probintzian egon zen batez ere jardunean. Egonaldi horretatik bereziki nabarmendu dute La Yucako nekazaritza komunitatearen defentsan izan zuen inplikazioa, bertako bizilagunak euren lurretatik bota eta herriko etxebizitzak eta eskola suntsitu zituztenean. 

Bere bizitzaren zati handi bat eskualdetik kanpo eman zuen arren, Respaldizak harreman estua mantendu zuen Artziniegarekin eta Aiaraldearekin, apaiz moduan jardun baitzuen, hainbat ekimen sozial eta kulturaletan parte hartzearekin batera, Artziniega Museoan kasu. Horren mugarria izan zen 2022an Artziniegan bertan jaso zuen omenaldia, apaiz moduan mende erdi bete zuenean. 

Aiaraldea Komunikabideak iaz elkarrizketatu zuen Respaldiza, bere bizitza eta ibilbidearen inguruan galdetuta. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide