Egitura zehatzik gabeko denbora tarteak, haur eta gazteei beraien barne eta kanpo mundua esploratzeko aukera ematen die, eta honek beraien sormenean laguntzen du. Modu honetan beraien buruarekin eta inguruarekin konprometitzen hasiko dira eta imajinatzen, asmatzen eta sortzen, …
Haur eta gazteen denbora guztia egituratzen bada, eta beraien denbora betetzen badugu, bai pantailen bitartez, klaseekin edota jarduera ezberdinekin ez dute ikasiko beraien beharrei zelan erantzun. Gure beharrei entzuteko eta hauei kasu egiteko denbora daukagunean, orduan ikasten dugu, sortzen dugu eta esperimentatzen dugu.
Beste alde batetik, garrantzitsua da haur zein gazteak beraien denboraren jabe izatea eta denbora hori kudeatzeko esperientziak bizitzea.
Beraz, utz diezaiegun aspertzen eta beraien denbora kudeatzen. Haur eta gazte gehienei denbora ez-egituratua eskaintzen badiegu, hasieran kexatuko dira, baina laster hasiko dira jolas eta ekintza ezberdinekin sortzen eta esperimentatzen. Jolastu egin behar dute eta oso zoriontsuak dira jolas auto- zuzenduekin. Jolasarekin emozioak askatu egiten dituzte eta esperientzia ezberdinei irtenbidea topatzen diete.
Haur eta gazteek aspertuta daudela esaten dutenean? Zer egin dezakegu helduok?
Haur edo gaztea gugana datorrenean, gure beharra duelako da, beraz, lehendabizi utzi egiten zaudena 5 minutu eta kasu egin. Zurekin egotearen beharra aseko du eta ziurrenik, beste zerbait egiten hasiko da.
Denbora gehiago eskatzen badizu zurekin egoteko eskaini. Ziurtatu behar dugu helduekin egotearen beharra asea daukatela uneoro.
Gurekin denbora tarte hori pasa ostean, zer egin pentsatu ez badute, aspertzea positiboa dela jakinda, hurrengo galdera luzatu ahal diegu, “zer egin nahi duzu?” “imajinatu zer egin dezakezun eta egin dezagun” eta guk helduok bertan egongo gara galdera horri erantzuna topatzen dieten bitartean.
Normalean, erraz topatuko dute zer egin. Baina gertatu daiteke, hainbeste denbora izatera ohituak ez egotea eta laguntza behar izatea. Adibidez, udan haur eta gazteek tarte handia izaten dute eta batzuetan gure beharra daukate. Horretarako, hurrengo proposamena luzatzen dizuegu. Uda hasieran, “Aspertuaren kutxa” egitea. Bertan, egitea gustatuko litzaioken ekintza sorta sartu daiteke eta aspertuta dagoenean hiru paper atera eta ekintza bat aukeratu.
Ez da erraza izango mundu teknologiko honetan, pantailak alde batera utzi eta denbora tarte ez-egituratuak eskaintzea, baina, egiten hasten garela haur edota gaztea ohitu egingo da eta bere sormena eta barne mundua handitzen joango da. Jolastuko du eta jolasaren bitartez ikasi egingo du, hausnartu egingo du, bere emozioak landuko ditu eta gatazkak konponduko ditu.
Beraz, utz diezaiegun haur eta gazteei aspertzen eta beraien denbora kudeatzen!