"Kokoriko hezkuntza faktoria" aurkeztuko dugu otsailaren 1ean Laudioko kasinoan

Erabiltzailearen aurpegia

Arratsaldeko 17:30ean hasiko da Kokoriko Hezkuntza Faktoriaren aurkezpen jaia. Bertan musika, ipuin kontalaria, merienda eta hainbat sorpresa egongo dira.

Denbora luzea darama Aiaraldea Ekintzen Faktoriak hezkuntza ildoa lantzen eta ehuntzen. Oinarriak finkatzen hasi ginen eta nahi genuen hori identifikatzen. Urtea aurrera joan ahala, izen eta marka propioak behar genituela ere ondorioztatu genuen, bai eta Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide diren familiekin batera egin ere. Prozesuan haur, gazte zein helduk parte hartu dute eta horrela jaio da otsailaren 1ean aurkeztuko dugun “Kokoriko Hezkuntza Faktoria”.

Haurra eta gaztea erdigunean jartzearen beharrean oinarritzen da Kokorikoren hezkuntza proiektua. Honek paradigma aldaketa bat proposatzen du hezkuntza ikusteko moduan. Heldu eta haur zein gazteen arteko botere harremanez hausnartu egin dugu, haurraren eta gaztearen autonomiaz eta mugimendu libreaz. Bide horretan autore eta pedagogia ezberdinak ere aztertu eta hausnartu ditugu Kokorikon. Ibilbidea polita eta baliotsua izan da, asko ikasi, baina batez ere asko eta asko desikasi baitugu ibilbide honetan. Oraingo helburua, gehiago ikastea eta desikastea izango da.

2019a erronkaz beterik hasten dugu, otsailaren 1ean, 17;30etan Laudioko Kasinoan Kokoriko Hezkuntza Faktoriaren aurkezpena egingo baitugu. Familia guztiarentzako aurkezpena prestatzen ari gara, haur, gazte, heldu, hezitzaile, irakasle, bidelagun... denak gonbidatu nahi zaituztegu festa eder bat izango den aurkezpen honetara.

Bazkide izan edo ez izan ez du inporta, Kokoriko Hezkuntza Faktoria ezagutu nahi duenak Laudioko Kasinora bertaratzeko aukera izango du, eta oso ongietorria izango da antolatzen ari garen jaian.

Hezkuntza Jardunaldiak Urduñan, otsailaren 16an

Hurrengo erronka nagusia aurkezpenetik 15 egunetara izango dugu, Urduñako Udalarekin batera hiriko Alondegian antolatu ditugun Hezkuntza Jardunaldiak. Otsailaren 16an hezkuntza formal eta ez formaleko norbanakoak bilduko gara “Jolasa ardatz espazio hezitzaileak iparrorratz” lemapean, espazio hezitzaile ezberdinak ikusi eta aztertzeko.

Urtea aurrera joan ahala, udaberriari ongi etorria emango diogu hainbat proiektu berrirekin, udalekuak garatuko ditugu eta udazkenari ongi etorria emateko Laudioko Gardea auzoan kokatuta dagoen Faktoria irekiko dugu adin guztietarako programazioa eskainiz.

Informazio gehiago nahi izatekotan hezkuntza@aiaraldea.eus helbidea idazteko aukera duzue. Hezkuntzaren eraldaketaren bidean, bidelagun izan nahi dugu, gurekin batera hezkuntzaren zirimolan sartu nahi duen oro. Gonbidatua zaude!

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide