Egoera zail honen aurrean, kolokan geratu da euskara gure eskualdean biziberritzea helburu duen proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa, egunerokoan kudeatzen ditugun hainbat proiektu, zerbitzu eta tresna bertan behera utzi behar izan ditugulako.
Aldi baterako enplegu erregulazio espedientea ezarri du Kooperatibak
Hori dela eta, hainbat erabaki hartu ditu Kooperatibak; lehena eta garrantzitsuena, egun ordainduzko lana egiten duten 14 langileetatik bakar bat ere ez kaleratzea egoera ekonomiko zail honen aurrean.
Bigarrena, aldi baterako enplegu erregulazio espedientea ezartzea Kooperatiban. Espediente honen ondorioz, ezinbestekoak diren lanak egiteko lan-jardunak mantenduko dira soilik. AEEE honen ezarpena langile guztien oniritziarekin adostu da Kooperatiban. Era berean, eta alarma egoera piztu zen momentutik egin bezala, mantentzen diren lan jardunak etxetik bertatik egingo dira, telelanaren bitartez.
Faktoriako obra lanak bertan behera
Modu berean, eta jendartearekiko erantzukizunez, alarma egoerak irauten duen bitartean Laudioko industrialdean kokatutako Faktoria eraikitzeko obra-lanak behin-behinean etetea erabaki du Kooperatibak. Gauzak horrela, udazkenerako aurreikusitako inaugurazioa kolokan geratzen da, salbuespen egoeraren ibilbideak baldintzatuta.
Aiaraldea Komunikabide taldeak lanean jarraituko du eskualdea informatzen
Halarik ere, arlo guztietan gure jarduna mugatuko dugun arren, Kooperatibak kudeatzen dituen komunikabideek eta bertako langileek jendartea behar bezala informatzeko lanean jarraituko dute alarma egoerak iraun bitartean. Zentzu horretan, #EtxeanGoxo egoteko baliabideak eskaintzen jarraituko dugu.
Egoera ekonomiko larriaren aurrean, bazkideen ekarpenak babes
Aipatutako egoerak gure Kooperatibaren jardunean ondorio ekonomiko larriak izango ditu. Zorionez, euskara biziberritzeko proiektu komunitario honek bi babesleku garrantzitsu ditu bere biziraupena bermatzeko; lerro hauetan ere aitortu nahi dugun langileen konpromisoa da lehena, egoera makurraren aurrean, elkartasunez eta enpatiaz aritzeko konpromisoa hartu duen langile-taldea.
Bigarrena, Kooperatiba osatzen duten 410 familia bazkideak dira; euren ekarpen ekonomiko eta boluntarioari esker sortu eta garatu da proiektua, eta egoera larri honen aurrean ekarpen hori ezinbestekoa izango da esku artean ditugun ildo, proiektu eta amets berriei eusteko.
Edonola ere, eta aurreikusi ezin ditugun ondorio ekonomikoei aurre egiteko, Aiaraldea Kooperatiba Elkarteak eskualdeko norbanakoak gonbidatzen ditu proiektuarekin bat egin, eta bazkide eginez, ekarpen ekonomiko eta boluntario hori indartzera.