Kultur-afariak eskainiko ditu Aiaraldea Ekintzen Faktoriak udan, larunbatero Laudioko Abasto plazan. Larunbat honetan izango da lehen emanaldia. Igor Arzuaga artista aretarrak Menditik jaitsi ginen diskoa aurkeztuko du Hasier Oleaga eta Julius Musikariekin, 20:00etatik aurrera.
Ikusleen borondatea jasoko da sarrera gisa, “krisi egoera honetan kultur-sortzaileak babestu eta sustatzeko”.
Emanaldia Abasto plazan izatea ez da kasualitatea, Aiaraldea Ekintzen Faktoriako Ekonomatuak denda ireki baitzuen bertan duela zenbait aste. Taberna zerbitzua egongo da bertan, eta afaltzeko aukera barazkijalea ere eskainiko da, larunbat honetan, Sustriak catering barazkijalearen eskutik. Kozinatuko diren produktuak tokikoak eta ekologikoak izango dira.
