Zer da euskaraldia?

Zer egin dezakegu euskal hiztunok euskararen erabilera areagotzeko?

Galderak hainbat erantzun ditu, baina, guk, hizkuntza ohiturak astindu eta ohiko harremanetan euskara gehiago erabiltzeko ariketa bat proposatzen dizuegu:

2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, euskaraz hitz egiten edo ulertzen dugun guztion artean egin dezagun euskaraz. Euskal Herri osoan eta elkarrekin arituta, gure egunerokoan eragin genezake.

Nola egingo dugu?

Ondoko bi roletako bat har dezagun 11 egunez:

Ahobizi: Ulertzen duenari euskaraz egingo diot, hark erdaraz erantzun arren. Ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egingo diet.

Belarriprest: Egidazu euskaraz, nik ulertzen dut eta. Agian erdaraz erantzungo dizut, baina zuk niri euskaraz egitea nahi dut.

Zer lortu nahi dugu?

  • Gure harremanetan hizkuntzarekin ditugun inertziak astintzea eta uste baino gehiagotan euskarazko komunikazioa posible dela frogatzea.
  • Euskal Herrian euskara ulertzen duen jendea pentsatzen duguna baino gehiago dela jabearaztea eta euskara gehiagotan erabili dezakegula ikusaraztea.
  • Hizkuntza ohiturak aldatzea norberaren hautua eta ariketa izan arren, bidea taldean eta batera, erosoago eta lagunduago egitea.
  • Euskara erabiltzeko testuinguru eta egoera berriak, abegikorragoak eta babestuagoak sortzea.

Non egingo dugu?

Bakoitzak bere inguruan, bere ohiko harreman sareetan egitea proposatzen dugu: familian, lagunartean, lanean, eskolan, dendetan…

Horretarako, herriz herri antolatuko gara, baita enpresa, ikasketa zentro eta era guztietako elkarte zein entitateka ere. Nahi duzun lekuan izena eman, eta ondoren, zure ingurukoekin parte hartu proposatzen dizugun ariketa honetan.

 

Nork har dezake parte?

16 urtetik gorako herritarrek eman dezakegu izena.

  • Ahobizi izateko, euskaraz hitz egiten jakin behar da.
  • Belarriprest izateko euskara ulertu behar da.

Irizpideak betez gero, norberak erabakiko du zein roletan izena eman.

2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, Ahobizi edo Belarriprest ikurra soinean eraman, eta hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa egingo dugu!

Eta bitartean, zer egin dezakegu?

Herriz herri eta hainbat enpresa eta entitatetan antolatzen ari diren batzordeetan parte har dezakezu. Herriko eragile eta euskaltzaleek antolatutako batzordeetan zure ekarpena egin eta inguruan Ahobizi eta Belarriprest berriak aktibatzen denok egin dezakegu gure ekarpena.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide