Horrela, orain arte euskaraz izan dituzun elkarrizketek euskarazkoak izaten jarraituko dute, baina orain arte erdaraz izandako elkarrizketa batzuk euskaraz edo elebiz izatea ere lortuko duzu.
Jarrera aktiboa izango duzu, beraz. Zure harreman sarean dituzun hizkuntza praktikak aztertu eta euskarara aldatzeko aukera duzun horietan eragingo duzu. Hamaika egunetan, hizkuntza aldaketarako aukeratu dituzun harreman horietan ezezik, zure bizitzako esparru guztietan euskaraz arituko zara, ahal den guztietan, ahal duzun guztiekin.
Bi aldeek euskaraz ulertzen badute, ez dago euskaraz ez egiteko arrazoirik.
Ariketa egiten duzun bitartean giro babestua izango duzu, ahobizi eta belarriprest ugari izango baitituzu 11 egunez Euskal Herrian.
Ahobizi izateak ez du euskaraz hitz egiteko gaitasunarekin zerikusirik, jokaerarekin baizik! Ahal duzun guztietan euskara erabiltzeko prest? Ahobizi zara!
Ahobizi izan daiteke…
16 urte baino gehiago izan eta…
- euskaraz ongi moldatzen dena eta hamaika egunetan euskaraz egingo duena ulertzen duten guztiekin. Izan daiteke orain arte horretan saiatu den kidea, edo hizkuntza jokaera orain aldatzea erabaki duena.
- euskaraz erdizka moldatzen dena baina prest sentitu eta hamaika egunetan euskaraz egingo diena ulertzen duten guztiei.
Adibidez:
- Anek euskara ulertzen du baina ez du oso ongi egiten, eta horregatik Aitorrek erdaraz hitz egiten du berarekin. Anek belarriprest izatea erabaki du, eta Aitorrek ahobizi izateko hautua egin du. Hala, ekimenean zehar, Aitorrek Aneri euskaraz egingo dio, eta Anek euskaraz zein erdaraz erantzungo dio (nahi eta ahal duen bezala). Horrez gain, Aitorrek euskaraz egingo die ulertzen duten guztiei.
- Ibanek, arropa erostera joaten denean, eta dendako langileak euskaraz badakien ez dakienean, erdaraz galdetzeko ohitura du. Orain Ibanek, ahobizi izatea erabaki duenez, lehen hitza euskaraz egingo du ezezagunekin. Haiek euskaraz ulertzen badute, euskaraz jarraituko du.
- Mariak ekimena baino lehen ere euskaraz hitz egiteko ohitura zuen. Hala ere, ulertzen zion norbaitek erdaraz erantzuten zionean, erdaraz jarraitzen zuen normalean. Ahobizi izango da, eta euskarari eutsiko dio ulertzen duten guztiekin.